es
eu

"Errealitatea eraldatzea posible da"

Jon Intxaurraga

Oihana Galardi Irungo Harrera Sareko boluntarioa da. Duela hiru urte, herri ekimenak bertan egindako ekintza batek atentzioa eman zion telebistan, non eta bere herrian egin zena. Handik bizpahiru egunetara, deialdi baten berri izan eta bere alea jartzea erabaki zuen.

Lehen oroitzapena ekarri du gogora: "jende mordoxka kalean aurrera eta atzera arropa eta higiene-produktuak lortzen eta otorduak elkarrekin antolatzen". Jende oso adeitsua ezagutu du bertan eta ekintzei lotzen hasi zen: geltokira, Lakaxitara, euskara, gaztelera, frantsesa, haatik, pertsonak izan dira lotesleak, bai migrazio bidean daudenak, bai eskualdeko boluntarioak. Bere hitzetan, sarea egin dute harremanak eraikiz, elkarlanean. Hasieratik hona gauza asko aldatu diren arren, bai lekuak, bai asetzeko premiak, sarea oraindik eraikitzen dihardute. Bertan lagunak egin ditu Oihana Galardik, baita irakaspen ugari jaso ere. Hainbat errealitate ezagutu ditu, migranteenak nahiz boluntarioenak. Lakaxitako garaiak oroitzapen on asko dakarzkio gomutara eta mitifikatuta daukalako sentsa zioa du: "hasiera izan zelako, ilusioa denok genuelako eta egin ahala, eragina, lorpen bat edota ondorio positiboak ikusten zirelako". Era berean, migranteekin ere harremanetan egon da eta batzuk "oso esanguratsuak" direla deritzo. 

Oihanaren esperientzian dena ez da arrosa kolorekoa izan. Une gogorrak ere bizi izan ditu, bereziki behar humanitarioak ezin dituztenean ase: pertsona batek "zure muturraren aurrean" kalean lo egin behar duenean, pertsona bat ospitalera eraman eta "bere bakardadeaz ohartzen zarenean" edota bidaiarako dirua lapurtu diotelako negar batean dagoen pertsona baten aurrean egotean. Latzenak Bidasoan hildakoenak dira, "aisialdirako tokia den ibaiaren ertzean" bizitza galdu dutenak. Amorru handia ematen dio erakundeek egoerari buelta emateko borondate ezak, "eskumenak edota gezurrezko adierazpenak" baliatzen dituztenean. 

Oihanak azaldu digunez, sarean hainbat lantalde daude, beharren arabera sortu edo desagertu egin direnak. Helburuari dagokionez, ñabardura azpimarratu digu: "sareak izaera humanitarioa izan du hasieratik, egoera zaurgarrian iristen baitziren pertsonak Irunera eta erakundeek eman ez zuten erantzuna eman dugulako", baina euren xedea bestelakoa izan da: herritarrekin gertatzen zenaz jabetu eta aldaketak eragitea. Hori dela eta, batzuetan migrazioan zeuden pertsonekin harreman zuzena izan dute eta besteetan zeharka. Lantaldeetan norberak nahi duen lantaldeetan lagun dezake eta partaideen tipologia oso anitza dela dio, eremu profesionalak zein sozialak. Oihana migratzaileekin gertu-gertutik ibili da frantsesa dakielako eta jendaurrean lanean aritu delako beti. Haien bila joan izan da geltokira, baita Irunen gelditzea erabaki dutenen bidelagun ere ibili da. Azken egitekoari esker, hemengoa ez denaren egoera hurbiltzeko aukera izan du eta konturatu da oso neketsua eta nekeza dela. Dioskunez, askok eta askok bidaiatzeko indarra galdu dute errefuxiatu estatusa ukatu diotenean ez ezik, "administribatikoki zailak eta ulertezinak suertatzen diren tramiteak hastean" ere. Era berean, migranteek tentsio eta estres handia pairatzen dute gizarte berria ulertzeko zailtasunak dituztenean, edota Oihana bera ez denean egoera azaltzeko kapaza. Min hori ez da berehala amaitzen, luzerako dela ohartarazten digu irundarrak.

Migranteen fenomenoak betidanik izan du inpaktua Irunen, baina azken hiru urteetan kontzienteagoak izan dira Frantziak mugak itxi dituelako. Deigarria egin zitzaien Irungo mugan berriz blokeatuta egotea eta orduan hainbat elkartek, herri mugimenduk eta hiritarrek mobilizatzea erabaki zuten. Oihanaren iritziz, une hartan erein zen Irungo Harrera Sarearen hazia eta partaide ez diren lagun askoren babesa dutela dio, ekintzetara edo manifestazioetara hurbiltzen direnena, hain zuzen ere.

Erakunde publikoei dagokienez, atzetik joan direla deritzo eta, azpimarratu digunez, migratzaileak hartzeko aterpetxe bat da jarri duten baliabide bakarra. Oihanak argi du gizarteak galdegin duelako egin dutela eta ez dituela iristen diren pertsona guztien beharrak asetzen, "iritsiz gero, noski". Izan ere, inon ez ei dago jasota zelan heldu hara. Hori dela-eta, Irunen Harrera Sareak lanean jarraitzen du oraindik, besteak beste, aterpetxe horretara sartzeko irizpideek ez baitituzte "errealitate jakin batzuk" aintzat hartzen edota pertsona batzuek kalean lo egin behar baitute, "bertan tokiak egonda ere"; "erabaki hori erakundeei dagokie". 

Amaitu aurretik, Oihanak Irungo Harrera Sareak beragan lagatako arrastoa azaldu digu. Bere bizitzaren parte bat da eta horri esker Irun beste era batera ikusten du. Era berean, gizartean eragiteko eta errealitatea eraldatzeko aukerak daudelako sinesmena indartu du. Hala eta guztiz ere, inmigrazioa gero eta deshumanizatutako kontzeptutzat hartzen dela deritzo eta gizartearen zati batek "migrazioa norberarengandik externalizatu" duela dio, migratu dutenak "besteak balira bezala". Bere iritziz, horren ardura handia komunikabideek dute eta pertsonen sufrimendua eta migrazio politiken ondorio krudelak normalizatzen ari gara.

Kazetaritza

15 de junio: Día Mundial de Toma de Conciencia Contra el Abuso y Maltrato en la Vejez

15 de junio: Día Mundial de Toma de Conciencia Contra el Abuso y Maltrato en la Vejez

Ainara Arregi

La Asamblea General de las Naciones Unidas proclamó en 2006, el 15 de junio como Día Mundual de Toma de conciencia Contra el Abuso y el Maltrato en la Vejez, y desde entonces, se celebra anualmente este día en defensa de los derechos de las personas mayores. Con motivo de ello, en GIZADIBERRI hemos recogido el testimonio de personas mayores como Jesús Orbe y Ramón Urrutia, médico e ingeniero jubilados, respectivamente, que nos han acercado su visión sobre el maltrato a personas mayores y nos han comentado algunas pautas a seguir para combatir el maltrato.

Iritzia

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.