es
eu

Adinaren bumerana

Arantxa Urretavizcaya


Historiarekiko begiradarik arinenak ere frogatzen digu aski izan dela eta dela edozein xehetasun desberdin iruditzen zaiguna baztertzeko: kanpotik etorritakoa, azal kolore desberdina duena, beste jainko bat gurtzen duena. Xenofobia, arrazakeria, homofobia, matxismoa.

Desberdintzat duguna baztertzeko aukeratzen den aitzakia hori ezin zabalagoa izan daiteke, gizartearen erdia baztertzeraino iritsi daiteke. Edozein motako agintea duen gizonak emakume guztiak bazter ditzake, gizonen lehentasuna aldarrikatuz.

Bazterkeria sustatzeko arrazoi guztiak gutxi zirelakoan, beste bat asmatu dugu azken mende erdian, kasu honetan pertsonaren adina abiapuntutzat hartuta: adinkeria.

Hogeigarren mendearen erdialdera arte, gazteak heldu izateko ahalegintzen ziren pertsonak ziren, ikasleak, bizitzaren gailurra zen heldutasunerako prestakuntza egiten ari zirenak. Bizitzaren gailurra heldutasuna zen, pertsona heldua zegoen bizitzaren erpinean.

Orain zahartzaroaren atarian gaudenok aldatu genuen hori. Erabaki genuen bizitzaren gailurra gazte garaian zegoela eta handik aurrera dena zela galbiderako aldapa behera. Gaztea kokatu genuen erpinean eta gizarteak erosi egin zuen oraindik bizirik dagoen ideia hori.

Handik aurrera eta gaur arte, gazte izateko garaia luzatu egin da, inork ez duelako heldu izan nahi edo, gutxienez, ez duelako heldu itxura izan nahi. Eta horrekin batera zahartzaroa gaitz guztien esparru bilakatu dugu, inolako onurarik ez dakarren adina. Galbide hutsa, bizitzaren amildegia, biziraupen tamalgarria eta, ai, gizartearentzat garestia.

Hori horrela delako ahalegintzen gara gazte itxura antzezten, are zahartzaroan. Esaiozu edozein pertsonari, edozein itxura duela ere, bere nortasun agiriak dioena baino gazteago dirudiela eta sinetsi egingo dizu, zalantza izpirik gabe. Are gehiago, kontatu egingo du esan diozun hori, erabat sinetsita. Horrelako esaldiak jaso nahi ditugulako egiten ditugu sekulako ahaleginak, gizon nahiz emakume, patetismoraino, zahar izatea baino gauza okerragorik ez balego bezala.

Gizarte honek gorroto du zahartzaroa eta edonork esango dizu zahar hitza erabili baino lehen beste batzuk hobetsi behar direla: adindua, hirugarren adinekoa, urtetan aurrera egin duena… Gainera, esango dizute  gauzak direla zaharrak, ez pertsonak. Ez dugu hil nahi, baina ez dugu zahartzaroa onartzen.

Hori baitu bereizgarri zahartzaroarekiko gorrotoak, adinaren arabera baztertuak sentitzen direnek ere bat egiten dutela bazterkeriarekin. Nonbait, idatzi gabeko lege batek agintzen du zer egin eta zer ez egin adin jakin batean. Dirudienez, zaharrok ez gara gure zahartzaroaren jabe, ez gara ahaldundu, nortasun agiriaren txartelak hartzen ditu geuk hartu behar genituzkeen erabakiak.

Zahartzaroaren atarian dagoen belaunaldiak asmatu zuen gaztetasunaren lehentasuna eta orain  ideia hori bumeran gisa itzuli zaigu eta muturrak hautsi dizkigu. Guri dagokigu orain zahartzaroaren baloreak aldarrikatzea, zahartzaroari sinesmen, arau eta balio berriak eranstea. Guri dagokigu adinkeriari aurre egitea.

Adinak zerbait adierazten digu pertsona bati buruz, noski, baina ez du garena edo ez garena guztiz erabakitzen. Erabaki hori norbanakoak hartu behar du, norbanakoaren esku dago. 

 
 

Artículos Periodísticos

Adinkeria saihestea helburu duen hitzarmena

Adinkeria saihestea helburu duen hitzarmena

Goiena

Goiena Komunikazio Taldeak akordioa hitzartu du Gizadiberri programako arduradun direnekin, adinkeriaren inguruko kontzientzia pizteko: langileekin ikastaro bat egingo dute, eta hor jasotzen dutena helaraztea izango da euren lana landutako edukietan.

Opinión

En el corazón de Euskadi, el voluntariado se erige como un pilar fundamental para el bienestar de la sociedad

En el corazón de Euskadi, el voluntariado se erige como un pilar fundamental para el bienestar de la sociedad

Gizalde, Bizkaia Gara, Batekin

En Euskadi, la tradición solidaria ha perdurado a lo largo de los años, con un crecimiento constante de la participación en actividades voluntarias. Según datos recientes, más del 17 % de la población ha participado en alguna forma de voluntariado en el último año, lo que significa aproximadamente 320.872 personas, demostrando un compromiso sólido con la construcción de una sociedad más justa y equitativa.