es
eu

Izan daitekeena

Garazi Goia

1973 urtean Margaret Harrisonek sortu zuen Home Start egitasmoa Erresuma Batuko Leicester hirian. Bere helburua estres egoera batean edo beste edozein krisi emozional bat zeukaten familia desegituratuei laguntzea zen. Bere ustez, laguntza hori emateko testuingururik hoberena norberaren  etxea zen. Eta, horretarako, boluntarioak joaten ziren familia horietara, laguntza eskaintzera.  

Ingelesez house eta home adierak daude etxea definitzeko; lehenengoa zentzurik orokorrenean, eraikuntzari edo azaleko egiturari erreferentzia eginez;  eta, bigarrena, norberaren alde pertsonalago bat eta familiaren esanahia biltzen dituena. Garapen egoki bat izateko haur guztiek home bat edukitzea ezinbestekoa zela esaten zuen Harrisonek, eta bere ustez hori familiaren sostenguarekin lortu zitekeen.  Home Start-en printzipioetako bat familiei aukerak irekitzea zen, haurrek bizitza hobeago bat izan zezaten. Hori lortzeko ikuspegi sinple batean oinarritzen zen: ahalik eta bizitza hasiera hoberena ematen laguntzea, etorkizunari oinarri sendo bat jarriz, norberak bere aukerak egin eta hautatzeko gaitasuna zuen arte.

Boluntarioetan oinarritutako laguntza kontzeptu hori azkar zabaldu zen Erresuma Batuan. Egun, antzeko 300 eskema daude martxan, denak Home Start ekimenaren barruan. Pasa den urtean 60 mila haur eta 30 mila familiei laguntza eman zitzaien, 16 mila boluntarioei esker. Erresuma Batutik kanpo beste 22 lurraldeetara ere zabaldu da. Sinplifikaziora jotzeko arriskua ere badago horrelako egitasmo miresgarri bat zutabe batean biltzean, baina orohar helburu nagusiak horrela laburbilduko nituzke:  haurrak izan berri dituzten gurasoen ongi-izate emozionala eta fisikoa hobetzea; haurren garapenean laguntzea;  gurasoak bakartuta sentitu ez daitezen ekiditea eta eguneroko etxeko eginkizunetan laguntzea.

Haur batek bizitzako lehenengo urteetan jasotako estimuluak eta ingurukoekin dituen harremanak garapenean benetan garrantzitsuak direla aldarrikatzen dute adituek. Are gehiago, haur bakoitzari tokatzen zaion familia eta bost urte bete arte duen testuinguruak erabat baldintzatzen ditutela bizitzan zehar izango dituen aukerak eta bizitzako aldaketak. Hori da, hain zuzen, Home Start-en funtsezko ideietako bat.

Egitasmoa bultzatzen duten jendeari buruz  irakurri dut, zein ziren jakitea interesatzen zitzaidan eta zergatik haien bizitzako denbora bat eskaintzen dioten beste batzuei laguntzeko. Behin eta berriz hiru kontzeptu errepikatzen ziren elkarrizketa, biografia edo bestelako artikuluetan:  justizia, bizitzako aukerak eta potentziala.

Berdintasunean hasi beharko litzateke bizitza denontzat. Behintzat haur bat mundura etortzen den une horretan, injustizia hitza oraindik existitzen ez den une horretan. Beste baten (edo batzuen) erabakiz azaltzen da bat mundura, horrela pentsatu zutelako, edo Home Start-en testuinguru honetan, akaso ez zutelako pentsatu. Zer daki haur batek justiziaz; zer daki leku konkretu batean, familia konkretu batean eta testuinguru jakin batean jaiotzea tokatu zaion (in)justiziaz? Zer iritzi izan dezake mundura ekarri duten inozentzia zaurgarriak? Home Start-ek ez du justizia definitzen, injustizia justuagoa egiteko urrats txiki bat ematen du, bizitzako une egokietan parte hartuz. Berdintasuna egon beharko litzatekeen uneetan. Haurra zarenean berdintasuna hausten bada eta balantza alde batera erori, aurrerago oreka lortzea konplexuagoa izango da-eta.

Geroz eta aukera gehiago dituen haur baten bizitza orduan eta aberatsagoa izango da. Bizitzako balioak eta prioritateak okerreko ordenan dituzten familia batek eman ezin zion ikuspegitik haratago. Hori da boluntarioen lana, beste ikuspegi bat, beste erreferentzia batzuk sartzea familia horietan. Eta, ahalik eta aukera gehien ematea. Haur bakoitza izan daitekeena ez baldintzatzeko. Izan daitekeena ez mugatzeko.

Boluntarioak gurasoak dira,  hori da bete beharreko baldintzetako bat,  inork baino hobeto ulertzen dute-eta gurasoek zein zailtasun izan ditzaketen haurrak hezitzerakoan. Aste bakoitzean bi orduko dedikazioa eskatzen zaio boluntario bakoitzari.

“Nire amak orain irribarre egiten du. B etxera etortzen denetik gertatu da hori”. Eguberrietan idatzi zuen  lau urteko haur batek mezu hori. Cliché baten antza du akaso hau esateak, baina haur hori jaio zen egun horretan ezinezkoa zena, posible egiteko bidea irekitzen du boluntario batek. Hori zen Harrisonen ametsa eta lortu zuen. Eta, izan daitekeen hori lortzeko ametsak haurrei ez zapuzten lortzen ari dira orain bere ideia miresgarria bultzatzen ari direnak.

Artículos Periodísticos

Adinkeria saihestea helburu duen hitzarmena

Adinkeria saihestea helburu duen hitzarmena

Goiena

Goiena Komunikazio Taldeak akordioa hitzartu du Gizadiberri programako arduradun direnekin, adinkeriaren inguruko kontzientzia pizteko: langileekin ikastaro bat egingo dute, eta hor jasotzen dutena helaraztea izango da euren lana landutako edukietan.

Opinión

En el corazón de Euskadi, el voluntariado se erige como un pilar fundamental para el bienestar de la sociedad

En el corazón de Euskadi, el voluntariado se erige como un pilar fundamental para el bienestar de la sociedad

Gizalde, Bizkaia Gara, Batekin

En Euskadi, la tradición solidaria ha perdurado a lo largo de los años, con un crecimiento constante de la participación en actividades voluntarias. Según datos recientes, más del 17 % de la población ha participado en alguna forma de voluntariado en el último año, lo que significa aproximadamente 320.872 personas, demostrando un compromiso sólido con la construcción de una sociedad más justa y equitativa.