es
eu

Gizaldiek banatuta, elkarbizitzak bilduta

Gorka Ascorbebeitia

Berbetan hasi aurretik Milagros eta Blanca bakoitza beren ohiko eserlekuetan jesartzen dira. Milagros bere etxeko gela nagusian duen aulki arrunt batean eta Blanca aurrez aurre dagoen sofaren txoko batean. Biak batera bizi dira Gazteizeko alde zaharreko etxebizitza honetan eta ondo mugatuak dituzte etxeko toki, tresna eta janari guztiak. Horretan biak daude ados, edozein elkarbizitzatan gertatzen den antzera beharrezkoa da batak bestearen guneei errespetu osoa izatea giro ona bermatzeko. Hala ere, ezezagunen arteko elkarbizitza honek berezitasun nabarmen bat du: Milagros eta Blancaren artean pare bat metro eta 61 urte daude.

Gizaldiek banatuta, elkarbizitzak bilduta

Euskal Herriko Unibertsitateak, Gazteizeko udalak eta Arabako foru aldundiak antolatzen duten programa baten barnean ezagutu ziren Milagros eta Blanca. Programa honen helburua bakarrik dauden pertsona nagusiak eta unibertsitateko ikasleak batzea da. Horretarako elkarbizitzaren formula erabiltzen du. Nagusiak bere etxea jartzen du eta alokairu sinboliko baten truke gaztea berarekin bizi daiteke ikasten dagoen bitartean.

Milagros Pérez de Aguado 87 urte ditu eta bakarrik bizi da Gazteizen bere senarra hil zenetik. 3 seme-alaba, 4 iloba eta birbiloba bat ditu eta sarri izaten ditu familiaren bisitak baina iluntze eta gauetan bakarrik gelditzen da normalean. Osasunez eta umorez oso ondo dabil eta bere kabuz guztiz moldatzen da. Hala ere, bere seme gazteenak programa honi buruz entzun zuenean Aldundiarekin kontaktuan jarri zen amarentzako gazte bat bilatzeko.

Blanca Juncay-k, bere partez, 26 urte ditu eta Farmaziako azkeneko urtea ikasten dabil. Ecuador-en jaio zen baina Bilbon bizi izan da gurasoekin txikitatik, espainiar nazionaltasuna ere badu orain dela urte askotatik. Berak ikaskide bati esker ezagutu zuen programa hau eta jarraian antolatzaileekin jarri zen kontaktuan.

Hasi berri den ikasturtea biak batera elkarbizitzen dauden bigarrena da. Jadanik ondo ezagutzen dira eta atzean utzi dituzte lehen uneetako tira-birak. Orain bientzako garrantzitsuena batak besteari ematen diona da. “Nik asko baloratzen dut etxera heltzea eta bertan norbait dagoela ikustea, gauak bakarrik ez pasatzea”, dio Milagrosek. “Horretaz aparte, nire seme-alabei lasaitasun handia ematen die Blanca nirekin dagoela jakiteak”, gaineratzen du. Esan bezala, Milagrosek osasun hobezina du, baina 87 urterekin ez daki noiz arte egongo den gaurko moduan. “Aste honetan bertan ezagutzen ditudan nire adineko lau pertsona erori egin dira, horrelakorik gertatzen bazait norbait hurbil egotea oso lagungarria izan daiteke”, azaltzen du Milagrosek.

Blancari elkarbizitza honek beste abantaila batzuk ematen dizkio. Berak Ecuador-etik kanpo duen familia Bilbon dago eta ez du harremanik bere aitona-amonekin. “Milagrosek jakituria handia eta esperientzia ugari ditu transmititzeko eta hori niretzako oso garrantzitsua da”, dio ikasleak. Historia eta bizipenak alde batera utzita, beste esparru praktiko batzuetan ere Milagrosek hainbat irakaspen eman dizkio Blancari. “Adibidez, birziklapenaren garrantzia irakatsi dit eta etxean birziklatzea antolatzeko era praktikoak erakutsi dizkit”, irudiztatzen du Blancak.

Azken bikotea

Milagrosen eta Blancaren kasua arrazoi askogatik da paregabea. Nabarmenena programa honetan parte hartzen duten azkeneko bikotea direla da alegia. Ikasleak eta nagusiak biltzeko proiektua unibertsitatean eta hiru herrialdeetan jaio zen orain dela 15 bat urte, baina partaidetza jausten joan da denborarekin eta orain Euskal erkidego osoan dagoen kasu bakarra Gazteizeko bikote hau da. Bizkaian hainbat urte pasa dira programa jauzi zenetik. Gipuzkoan, aldiz, orain dela hiru urte inguru bukatu zen. Araba da programa indarrean duen herrialde bakarra.

Alberto Susillak, Aldundiako nagusi zerbitzuko teknikariak, dioenez pertsona nagusien falta da programaren gaitzik larriena. “Asko kostatzen zaie ezezagun bat beren etxeetan sartzea”, azaltzen du. Egoera horrekin alderatuta, krisiak gazteen eskaerak handitzea bultzatu du, alokairuan aurrezteko helburuarekin batez ere. “Hor dago gakoa, ikuspuntu ekonomikotik bakarrik begiratzen bada programak ziur porrot egiten duela”, adierazten du Susillak.

Bertan parte hartzeko, gazte eta nagusiek konpromiso ugari hartu behar dituzte. Adibidez, ordutegiak ondo errespetatzea eta gau guztiak etxean pasatzea. “Hau ez da ikasleen arteko elkarbizitza bat eta gazte batzuen artean heldutasun falta egon da”, dio Aldundiako teknikariak. Nagusien artean ere, batzuetan portaerak ez dira hoberenak izan. “Batzuek uraren, berogailuaren edo argiaren fakturei gehiegi begiratzen zieten”, azaltzen du Susillak. “Gastu gehigarri horiek konpentsatzeko Aldundiak eta ikasleak jartzen dituzten diru pixkak nahikoak dira”, gaineratzen du. Hala ere, bikoteak errespetu osoa izatea bata bestearekiko da garrantzitsuena teknikariarentzako “Milagros eta Blancaren artean gertatzen den bezala hain zuzen ere”.

Bikote hau elkarrekin biziko da ikasturtea bukatu arte, hau da, Blancak bere ikasketak bukatu arte. Bien artean sortutako harremana luzeagoa izango dela ematen du. Azken bolada honetan biak batera Gazteizeko pintxo-potera joan dira pare bat aldiz. Batean, Milagrosek Blancaren mutil-laguna ezagutu zuen ere. “Normalean Bilbon asteburuetan ikusten dugu elkar baina ostegun baten hona etorri zen eta batera ibili ginen”, azaltzen du Blancak. Milagrosek oniritzia ere eman dio jadanik: “Begi-bistaz behintzat mutil majoa dela esango nuke”.

Gorka Ascorbebeitia (@Gascorbe)

[Gaztezuloko 156.zbkan publikatua]

Artículos Periodísticos

15 de junio: Día Mundial de Toma de Conciencia Contra el Abuso y Maltrato en la Vejez

15 de junio: Día Mundial de Toma de Conciencia Contra el Abuso y Maltrato en la Vejez

Ainara Arregi

La Asamblea General de las Naciones Unidas proclamó en 2006, el 15 de junio como Día Mundual de Toma de conciencia Contra el Abuso y el Maltrato en la Vejez, y desde entonces, se celebra anualmente este día en defensa de los derechos de las personas mayores. Con motivo de ello, en GIZADIBERRI hemos recogido el testimonio de personas mayores como Jesús Orbe y Ramón Urrutia, médico e ingeniero jubilados, respectivamente, que nos han acercado su visión sobre el maltrato a personas mayores y nos han comentado algunas pautas a seguir para combatir el maltrato.

Opinión

En el corazón de Euskadi, el voluntariado se erige como un pilar fundamental para el bienestar de la sociedad

En el corazón de Euskadi, el voluntariado se erige como un pilar fundamental para el bienestar de la sociedad

Gizalde, Bizkaia Gara, Batekin

En Euskadi, la tradición solidaria ha perdurado a lo largo de los años, con un crecimiento constante de la participación en actividades voluntarias. Según datos recientes, más del 17 % de la población ha participado en alguna forma de voluntariado en el último año, lo que significa aproximadamente 320.872 personas, demostrando un compromiso sólido con la construcción de una sociedad más justa y equitativa.