es
eu

"Pandemia honek agerian utzi du adineko pertsonak ez daudela ondo zainduta Estatu Batuetan"

Amaia Uribe

Amonda Jonesek ia 2 urte daramatza bere seme-alabak ikusi gabe. New York iparraldeko herri txiki baten bizi da, Coxsackien. Eta handik 2600 kilometrora, Colorado estatuan, bizi dira seme-alabak. Bere 80. urtebetetzea ospatzeko, oporraldi bat zeukaten prestatuta. Baina pandemia iritsi zen eta azkenean, ez oporrik, ez ospakizunik, ez ezer. Bakarrik, eta senideengandik urrun igaro zuen urteguna. "Triste baino gehiago, haserre nago. Jendeak ez du mehatxu hau serio hartu", dio Amondak. Bere herria oso errepublikanoa da, eta dioenez, Trumpzale askok garrantzia kendu diote pandemiari. "Hasierako hilabeteetan, pandemia puripurian zegoen garaian ere musuko gutxi ikusten ziren kalean". Txertatuta dago bera, baina hala eta guztiz ere, ordu asko pasatzen ditu etxean, eta, kalera ateratzen denean, ez du musukoa kentzen. Izan ere, ondo ezagutzen ditu pandemia baten ondorioak. Bere amona, 1918ko Gripe Espainiarraren ondorioz hil zen. Orduan, 30 milioi lagun hil ziren mundu osoan.

Koronabirusaren pandemiak zeharo aldatu du Elizabeth Maclinen bizia ere. 68 urte ditu eta Manhattan erdigunean, Chelsea auzoan bizi da, bakarrik. Lehenago, jatetxeetan jateko ohitura zeukan baina hilabeteak daramatza etxean sukaldatzen.

Hummusa egiten ikasteko eta supermerkatuko erosketak online egiten ikasteko balio izan dio pandemiak. Eta inoiz baino Skype dei gehiago egin ditu azken hilabeteotan. "Jendearen falta itzela sumatu dut. Horixe izan da niretzat gogorrena". Eta depresio baten ez erortzeko, lanean murgildu dela esan digu.

Olerkaria eta itzultzailea da Elizabeth. Lehendik ere etxetik egin zuen lan, eta arlo horretan, behintzat, ez du aldaketarik nabaritu. "Zorioneko sentitzen naiz, diru kezkarik ez dudalako izan. Nire lanarekin jarraitu ahal izan dut. Baina Estatu Batuetan jende askok lana galdu du". Eta lana galtzeak, arazo bikoitza dakar herrialde honetan. "Lana galtzen duenak, mediku asegurua ere galtzen du. Eta pandemia baten erdian, arazo ikaragarria da hori". Elizabeth ere txertatuta dago. Pfizerren txertoa egokitu zitzaion berari. Eta apurka-apurka, hasi da lehengo ohiturak berreskuratzen. "Lehengo egunean, museo batera joan nintzen aspaldiko partez. Sentsazio arraroa izan zen". Bai Amondak, bai Elizabethek uste dute, pandemia honek agerian utzi dituela Estatu Batuetako sistemaren gabeziak. Elizabethek defendatzen du osasun arreta eskubidea izan behar dela, eta ez negozioa. "Adineko pertsonak ez daude ondo zainduta hemen" dio , berriz, Amondak. Milioi erdi hildako baino gehiago zenbatu dira eta horietatik % 80k 65 urtetik gora zituzten eta egoera bereziki kezkagarria izan da adineko pertsonen egoitzetan.

Ondo daki hori Mary Danielek. Steve bere senarrari 59 urterekin diagnostikatu zioten Alzheimerra eta duela bi urtetik, Floridako Jacksonville hiriko zaharren egoitza baten dago. Pandemia baino lehen, iluntzero joaten zen Mary, senarra bisitatzera. Afaria ematen zion, telebista ikusten zuten eta lo geratu arte itxaroten zuen. Baina pandemia heldu zenean, zaharren egoitzetako bisitak bertan behera utzi zituzten, eta orduan hasi zen Maryren ezinegona. Zoom bidezko deiak egiten zituzten, baina senarrari ez zitzaion gustatzen telefono bidez hitz egitea eta zailtasunak zituzten komunikatzeko. Gauzak horrela, senarra aurrez aurre ikusteko modu bakarra, zaharren egoitzan lana eskatzea izango zela bururatu zitzaion Maryri eta sukaldean platerak garbitzen hasi zen. Horrela lortu zuen, 114 egunez senarrarengandik bananduta egon ostean, berriro senarra ikusi ahal izatea. Lehenbizi kristal baten atzetik, eta egun batzuk geroago, aurrez aurre. Maryren beldurrik handiena senarrak ez ezagutzea zen. Zorionez ez zen halakorik gertatu, baina motelago aurkitu zuen Steve. 7 kilo gutxiago zituen, ilea luzeegi zeukan eta azazkalak moztu gabe. "Estatu Batuetako zaharren egoitzetan pertsonal falta itzela dago eta ez daukate astirik adinekoei koilararekin jaten ematen edo azazkalak mozten hasteko. Langileei, gainera, oso gutxi ordaintzen diete eta horrek motibazio eza zabaltzen du beraien artean. Eta normalean ez dugu hau guztia ikusten, senideok elikatzen eta atontzen ditugulako zaharren egoitzetan bizi direnak".

Maryk 'Caregivers for compromise' izeneko elkartea sortu du, adinekoen egoitzetan senideak dituzten pertsonekin batera. Bisitak mantentzeko protoloko bat eratzea eskatzen dute, etorkizunean, beste pandemia bat etorriz gero, euren senideak ez daitezen bisitarik barik geratu. "Ulertzen dugu zergatik eten zituzten bisitak.

Baina ez da bidezkoa plater garbitzaile moduan nire senarra bisitatzeko aukera izatea, eta emazte moduan ez. Protokoloren bat egon beharko litzateke horren egoera zaurgarrian dauden pertsonek senideekin egoteko aukera izan dezaten", diosku Maryk. Eta horrez gain, egoitzetan langile gehiago kontratatzea eta euren soldatak hobetzea eskatzen dute. Izan ere, Human Rights Watch erakundearen txosten baten arabera, pertsonal faltak larriagotu egin ditu pandemiaren ondorioak.

COVID 19agatik hil diren estatubatuarren % 40 zaharren egoitzetan bizi ziren.

Artículos Periodísticos

15 de junio: Día Mundial de Toma de Conciencia Contra el Abuso y Maltrato en la Vejez

15 de junio: Día Mundial de Toma de Conciencia Contra el Abuso y Maltrato en la Vejez

Ainara Arregi

La Asamblea General de las Naciones Unidas proclamó en 2006, el 15 de junio como Día Mundual de Toma de conciencia Contra el Abuso y el Maltrato en la Vejez, y desde entonces, se celebra anualmente este día en defensa de los derechos de las personas mayores. Con motivo de ello, en GIZADIBERRI hemos recogido el testimonio de personas mayores como Jesús Orbe y Ramón Urrutia, médico e ingeniero jubilados, respectivamente, que nos han acercado su visión sobre el maltrato a personas mayores y nos han comentado algunas pautas a seguir para combatir el maltrato.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.