es
eu

"Kale gorrian egin behar dituzu hilabete batzuk, berriro ere eskubideak lortu arte"

Ainara Arregi

Arrats Elkartea bazterketa eta gizarte-zaurgarritasun egoeran daudenei laguntzeko sortu zen, eta, bere helburu nagusia giza eskubideak eta eskubide sozialak errespeta daitezela bermatzea da, batez ere, espetxean izandako pertsonena.

Joxe Mari Larrañaga, Arrats Elkarteko presidentea eta langilea da; Ateak izeneko proiektuan dihardu lanean, gizarte bazterketa eta kartzelatik irten den jendeari laguntza ematen; etxebizitza lortu, administrazioko tramiteak egiten lagundu, etab.

Arrats elkarteak gaur egun hainbat beharrizanei erantzuten dien proiektu ezberdinak ditu; “Ateak” proiektua izan zen elkarteari izaera eman ziona 1999. urtean sortu zenean. Orain, proiektu hori, Eusko Jaurlaritzarekin batera, eraldatu egingo dute, eta, kartzelatik irteten den jendea, erabateko askatasuna lortu baino lehen, gizartera bideratzeko lagungarri izango zaien eguneko zentroa egingo dute. Bertan, gizarteratzeko arazoak dituzten presoei lagunduko diete, dela osasun arazoak, nora joan ez dutenak, formazioa, etab. 

“Arrats elkartearen sorreran izaera juridikosoziala genuen, baina berehala ohartu ginen kartzelatik irteteko ziren pertsonek, tramiteetan ez ezik, bestelako laguntza behar izaten zutela, adibidez, askotan ez zeukatela nora joan babes bila, eta horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, gizarteratzeko etxebizitzetan murgildu ginen”, azaldu digu Joxe Mari Larrañagak. “Pisu horietan, gehienbat, gizarte bazterketa pairatzeko zegoen jendea hartu dugu”, azpimarratu du Arrats elkarteko presidenteak. 

Eusko Jaurlaritzak kartzeletako eskumena jaso duenean, Arrats elkarteak, beren-beregi presoei gizarteratzen laguntzeko pisua ireki du Lasarte Orian, 2022an. Gipuzkoan beste elkarte batzuk ere badituzte presoentzako eredu honetako etxebizitzak. Arrats elkartearen Lasarte-Oriako etxebizitzan, gaur egun, 7 pertsona bizi dira elkarrekin, eta beste batek ere, kartzelatik irteteko baimena duenean, bertan hartzen du ostatu.

Lasarte Oriako moduko etxe batera bizitzen joateko irizpideak, Eusko Jaurlaritzak berak finkatzen dituela azaldu digu Joxe Mari Larrañagak, “espetxeko gizarte langileak gurekin harremanetan jartzen dira, eta, elkarlanean erabakitzen dugu pertsona bakoitzari zein baliabide datorkion ondoen baina azken erabakia Eusko Jaurlaritzarena da”, gaineratu du Larrañagak. Kanpoan inolako harreman sarerik, ezta etxebizitzarik ere, eta, nolabaiteko planteamenduaren beharra duten presoek dute gizarteratzeko pisuetara joateko aukera: “lana bilatzen lagundu behar zaiolako, buruko osasun arazoak dituelako, menpekotasun arazoak gainditzen lagundu behar zaiolako”, azpimarratu du Arrats elkarteko presidenteak. Oraindik mota honetako oso etxebizitza gutxi daudela azaldu digu Joxe Marik, eta horregatik, oraindik ez dute interbentzio mailaren araberako sailkapenik egiteko beharrik, nola nahi ere, gauak egunak baino “gogorragoak” direnez, gauetan gizarte hezitzailea egotea ezinbesteko ikusten dugu, horrek ziurtasuna bermatzen duelako etxebizitzan; gaia “jaiarekin” erlazionatzen da, eta, hezitzaileei esker hori saihestu egiten dugu, eta, etxeko bizilagunak garaiz etxeratzen dira. “Lasarte Oriako etxebizitzan hezitzaileak eguneko 24 orduetan daude, beraiekin bizi dira: elkarrekin bizi dira, jatorduak elkarrekin prestatzen dituzte, erosketak egitera ere laguntzen diete. Beraien autonomia lantzeko ezinbestekoa da horiek denak egiten ikas dezatela” esan digu Larrañagak.

Pisuko egonaldiaren iraupenari dagokionez, presoek urte bete egon dezakete bertan, baina beti dago luzatzeko aukera, pertsona bakoitzak gizartera egokitzeko bere erritmoak dituelako. Larrañagak zehaztu duenez, “behin Lasarte Oriako pisuan egoteko denboraldia bukatzen denean, Aldundiari galdetzen zaio ea beste baliabide batera joan daitekeen, zeren pentsatu, kartzelatik irteten den pertsonak sarritan gizarte bazterketa pairatzeko beste arrazoi batzuk izaten dituela, eta hor, arazoaren intentsitatearen arabera, beste pisu batera joateko aukera ematen zaio”. Ildo honetan, Larrañagak arduratuta dio “behin askatasuna lortutakoan, pertsonak gure etxebizitzetatik irten behar du, eta hor kale gorrian geratuko zen seguraski”. Erdi-bideko baliabideen gabezia salatzen du Arrats elkarteko presidenteak, izan ere, behin Eusko Jaurlaritzako baliabidea bukatu, eta, Aldundiaren edota Udalaren baliabidea iritsi artean, pertsona asko kale gorrian bizitzera kondenatuta daudela esan digu Larrañagak. Bakarrik dauden adingabeekin ere, gauza bera gertatu zela esan digu Larrañagak: “18 urte betetzen zituztenean, kalean bizi behar zuten, eta, gaur egun, erdi-bideko baliabideak ezarri dira egoera horri amaiera emateko. Presoen kasuan ere, Eusko Jaurlaritzari horrelako baliabideak ezartzeko eskatzen diogu”. Presoek behin betiko askatasuna lortutakoan, padroia galtzen dute, eta, hasieran, noraezean daude ez dutelako nora joan. Arrats elkarteak kale gorrira ez joateko aukerak bilatzen laguntzen die, baina behin askatasuna lortuta oso zaila dela aitortu digu Larrañagak, eta bati baino gehiagori esan behar izan diote “kale gorrian egin behar dituzu hilabete batzuk, berriro ere eskubideak lortu arte”.

Kalitatearen beharra

Hainbat urtez preso egon eta erabateko askatasuna lortu duen pertsonarentzat, egoera oso gogorra eta zaila dela azaldu digu Joxe Mari Larrañagak, “beldur asko ematen du” esan du. “Beraiek giro ezkorretan bizitzen ohituta daude, eta zaila egiten zaie giro eta bizimodu baikorretan bizitzea” esan digu. Larrañagak bere bizipenetan oinarrituta, aitortu digu oso oso zaila dela bizimodu berri bat egitea, eta, “gainera kanpotik ere ez zaio askorik laguntzen. Elkarteak badaude, laguntzak badaude, baina gizartea ez dago prest preso egon den jendeari harrera egokia egiteko” azpimarratu du. Oraindik ere, preso egondako pertsonenganako estigma handia dagoela azaldu digu Joxe Marik, eta, horri aurre egitea, oso zaila dela. Gizarteari kartzelatik pasatako jendea horrenbeste ez markatzeko eskatzen dio Larrañagak, zeren “jende askok pentsatzen baitu kartzelan egoteko sekulakoa egin behar izan duela, eta, benetan, guztiz kontrakoa da: lapurreta txikiak, buruko osasun arazoak dituztenei brotea eman, eta, zerbait egin dute, irainak poliziari, etab” argudiatu du.

Bukatzeko, Joxe Mari Larrañagak, erakundeei eskaria luzatzen die, “kalitatezko gauzak” egin ditzaten; “adibidez, pandemian, kale gorrian lo egiten duen jendeari ostatu eman genion aterpetxeetan, bakoitzak bere gela zeukan, dutxa eskura, alkohola edaten zuenak, edateari utzi zion, tratamendurik hartzen ez zuenak, hartzeari ekin zion… Kalitatea ematen baduzu, jasotzen duzun erantzuna ere kalitatezkoa izango da”, azpimarratu du Larrañagak. Gaur egun, bai erakundeetatik zein elkarteetatik eskaintzen diren baliabideak nahiko eskasak direla onartzen du Larrañagak, eta, horiek hobetu beharra dagoela uste du. Adibide gisa jarri digu, presoentzako Lasarte Orian irekitako etxebizitza. Eusko Jaurlaritzak hura zabaltzeko baimena eta aurrekontua jarri zuen, baina Arrats elkarteak bere bilatu behar izan zuen, eta auzokideei azaldu bertan presoentzako etxebizitza zabalduko zutela. Ildo honetan, administrazioari inplikazio handiagoa eskatzen dio. “Jendeak jakiten duenean, alokairuzko etxea zertarako den, eta Erakundez Kanpoko Elkarte batentzat dela, erantzuna berehala ezezkoa izaten da” azaldu du. Gizarteratzea hain zuzen ere, horixe dela zehazten du Larrañagak, presoak gainerako herritarrak bezala bizi daitezela, inolako bazterketarik jasan beharrik izan gabe, “askotan pentsatzen da presoek arazoak emango dituztela bizilagun gisa, baina esperientziak erakutsi digu, hain juxtu, bazterketa soziala pairatzen duten beste taldeekin alderatuz, arazo gutxien sortzen dutenak direla”. 

Artículos Periodísticos

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Nagusilan, acompañamiento a la personas mayores en situación de soledad no deseada

Ainara Arregi

NAGUSILAN es una de las muchas asociaciones vascas que con la ayuda de voluntarios tiene como misión acompañar a las personas mayores en situación de soledad no deseada. Hemos entrevista a su director Unai Pérez de San Román y al coordinador de Bizkaia, Pedro Olaetxea para conocer los proyectos de la asociación y el trabajo que realizan los voluntarios.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.