Ekhi Erremundegi
Hedabide anitzetan agertu zen argazkia urriaren 12an. Hiru gorpu, trenbide gainean, izara zuri batek estaliak. Aljeriako hiru gizon harrapatu zituen trenak, eta laugarren bat larri eraman zuten ospitalera. Migratzaileak laurak; Frantziako Poliziaren kontroletatik ihesi jo zuten trenbidetik. Ez da aurten gertatzen den ezbehar bakarra. 2021ean, zazpi pertsona hil dira Irundik Hendaiara bidean.
«Frantziako Poliziaren kontrolak etengabeak dira. Migranteak sekulako arriskuak hartzera era manak dira», salatu du Line Targe, Elkartasuna Larhun kolektiboko kideak. Hendaiatik Baionara (Lapurdi) iragan nahi duten pertsona migratzaileei laguntza eskaintzen dihardu beste herritar andanarekin batera. Berriki, Hego Lapurdiko auzapezei eta Jean Rene Etxegarai, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariari idatzi die, kolektiboaren izenean, Baionara iritsi nahi dutenen segurtasuna berma dezatela eskatzeko.
Aspalditik izan da Euskal Herria migrazio ibilbide, baina, 2018tik aitzina, anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko muga gainditzen dutenen jarioa. Saharaz hegoaldeko Afrikatik heldu dira gehienak, baina, koronabirusak eragindako osasun krisia abiatu denetik magrebiar andana ere bada. Gehienek ez dute Euskal Herria helburu. Frantziako hiri nagusiak dituzte helmuga, edo Ingalaterra, edo Alemania. "Hiri handietan elkartu daitezke komunitateka; batzuek familia edo ezagunak dituzte jadanik zenbait lekutan", zehaztu du Targek. Nagusiki gizon gazteak izan ohi dira, baina familiak ere etorri izan dira, eta emakumeak ere bakarrik, haurrekin ala haurdun. Gogoan du 2018an nola hasi ziren agertzen bide bazterretan, oinez; herritar batzuek, autoan hartu eta Baionara eramaten zituzten. Eta momentu batean antolatzen hasi ziren, bidean zihoazenak helmugara makurrik gabe heldu zitezen. "Legezkoaren eta zilegiaren artean, hautua egina da", ebatzi du Targek.
Bide bazterretako jario hori Baionara iristen zen, Euskaldunen plazara. Handik abiatzen baitziren Frantziako hiri nagusietara doazen autobusak. "Zerbait pasatzen zela entzun genuen, lagun talde bat bildu ginen, eta ikustera joan ginen", gogoan du Maite Etxeberrik. Janari eta jantzi banaketa antolatu zituzten, migranteei interneta eskaintzen zieten. Egoerari ikusgarritasuna eman, eta botere publikoak inplikatzea lortu zuten. Horrela sortu zen Baionako Pausa harrera gunea. Hiru egunez aterpetzeko aukera eskaintzen diete; jan, edan, eta garbitzeko aukera izaten dute, bidea segitu aitzin. "Harrera politika eredugarria" batzuen ustez, baina izan du alde ilunik ere, migranteek bertan pairatzen zituzten tratu txarrak salatu baitzituzten 2019ko azaroan. Gaur egun, bertan laguntzen aritzen ziren elkarte guziak lekutu dira, eta botere publikoek baizik ez dute kudeatzen.
Gaur egun, migranteei laguntza eskaintzen dien Cimade elkarteko langilea da Etxeberri. Hendaiako Atxikitzen Zentroan daudenei aholkularitza juridikoa eskaintzen die. "Hona heldu diren migranteek ez dute Europan sartzeko bisarik, eta, beraz, egoera irregularrean dira. Atxilotuak direnean atxikitze zentroetara eramaten dituzte. Izena tranpa bat da: presondegiak dira. Pertsona horien hoben bakarra paperik gabe izatea da", adierazi du. Cimadek maiz salatu du paperik gabekoek atxikitze zentroetan pairatzen duten tratua, eta bere aldarrikapenen artean da atxikitze zentroak itxi eta paperik gabeko guziak erregularizatzea. Atxilotuak ez badira, ahal bezala moldatzera eramanak baitira paperik gabekoak; batzuek asilo eskaera egiten dute, besteek hala nola lan bat bilatzen dute, noizbait dokumentuak lortuko dituztenaren esperantzan. Eta beldur etengabe batekin: poliziaren topo egin, eta, berriz, hasierara itzultzea.
15 de junio: Día Mundial de Toma de Conciencia Contra el Abuso y Maltrato en la Vejez
Ainara Arregi
La Asamblea General de las Naciones Unidas proclamó en 2006, el 15 de junio como Día Mundual de Toma de conciencia Contra el Abuso y el Maltrato en la Vejez, y desde entonces, se celebra anualmente este día en defensa de los derechos de las personas mayores. Con motivo de ello, en GIZADIBERRI hemos recogido el testimonio de personas mayores como Jesús Orbe y Ramón Urrutia, médico e ingeniero jubilados, respectivamente, que nos han acercado su visión sobre el maltrato a personas mayores y nos han comentado algunas pautas a seguir para combatir el maltrato.
Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa
Koldo Aulestia
Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.