es
eu

Patxi Juaristi: “Etorkizuneko gizarte zerbitzuak gizarte osoaren ongizatea bilatu beharko dute, eta ez bakarrik egoera ekonomiko txarrean daudenena”

Ainara Arregi

Patxi Juaristi (Markina-Xemein, 1967) EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako fakultateko irakaslea da. Gizadiberrik bultzatuta, bera izan da Eneritz Rekarterekin batera, 2011-2015 legegintzaldiko EAEko gizarte gaiak eta gizarte politikak ikertu dituena. Ikerketa horrek eman dituenei buruz aritu da gurekin.

Patxi Juaristi

Ikerketaren arabera, politikariek bete al dituzte gizarte zerbitzuei dagokienez beraien promesak 2011-2015 legegintzaldian?

Zaila galdera honi erantzutea. Izan ere, alderdi politikoek hainbat proposamen egin zituzten 2011ko hauteskundeei begira, baina adituek ezin izan dute esan, zehatz-mehatz, zeintzuk gauzatu diren eta zeintzuk ez. Edozelan ere, elkarrizketatu ditugun adituen ustez, azken legegintzaldian nahiko ondo erantzun da krisi ekonomikoak ekarri dituen ondorio negatiboenei. Egoera txarrena dutenen alde ahalegin handia egin da arlo guztietan, eta RGI-an oinarritutako ereduak nahiko ondo funtzionatu du. Pobrezia edo bazterkeria arriskua zutenen pertsonen beharrizanak nahiko ondo ase dira. Arlo horretan, erakundeek eta gizarte zerbitzuek oso ondo erantzun dute. Edozelan ere, beste arlo batzuetan hutsuneak egon dira, eta lan gehiago egin beharra dago. Besteak beste, arlo hauetan lan gehiago egin behar da: etxerik gabeko pertsonekin, nagusien egoitzen inguruan eta baita hauentzako egokitutako etxeen arloan, dependentzia egoeran daudenen familiekin, umeen harrera profesionalean, euren ardurapean umeak dizuten guraso bakarreko familietako emakumeekin eta paperik ez duten eta babes sistematik kanpo gelditzen diren etorkinekin.

Orokorrean, alderdi politikoek gizarte gaiak aipatzen dituztenean, zein gairi buruz ari dira? Zeri ematen diote garrantzia?

Alderdi politikoek gizarte gaiei buruz hitz egiten dutenean denetarik sartzen dute. Alegia, “gizarte gaien” definizio zabala egiten dute. Horrela, etxebizitza, hirien bizi-kalitatea, gizarte kohesioa edo gizarteko talde desberdinen beharrizanei buruz hitz egiten dute. Beste berba batzuekin esanda, gizarte politikak harremanetan dauden sistema desberdinekin osatuak daudela onartzen dute, eta hauen barnean gizarte zerbitzuak daudela. Gizarte zerbitzuak gizarte politiken sistema bat izango lirateke.

Eta errealitatean, teknikariek zerekin egiten dute topo?

Politikariek ez bezala, udaletan eta aldundian lanean ari diren gizarte zerbitzuen arduradunek gizarte gaiei buruz hitz egiten dutenean, nagusiki gizarte zerbitzuei buruz aritzen dira. Hau ulergarria da, kontuan hartzen badugu ikerketa egiteko elkarrizketatu ditugun pertsona gehienak zerbitzuen sozialen arduradunak direla udaletan eta aldundietan.

Egia da alderdi politikoen eta gizarte zerbitzuetan lanean ari direnen diskurtsoak ez direla guztiz simetrikoak, baina, oinarrian, biek hitz egiten dute pertsona, famili eta taldeen integrazioari, autonomiari eta ongizateari buruz.

Lau urteren buruan, zertan aldatu dira gizarte zerbitzuak?

Elkarrizketatu ditugun adituen arabera, legegintzaldian gauza gutxi aldatu dira. Izan ere, gizarte zerbitzu eta azpiegitura berri gutxi sortu dira, nagusiki krisi ekonomikoagatik. Erantzun nahiko egokia eman zaio krisi ekonomikoak sortu dituen pobrezia eta bazterkeria arazoei, baina gauza berri gutxi sortu da, diru gutxi egon delako.

Zeintzuk dira gaur egun gizarte gaietan dauden gabeziarik handienak?

Elkarrizketatu gehienek zerbitzuen arloan dauden bikoiztasunak aipatzen dituzte. Bikoiztasunek eraginkortasuna kentzen diote sistemari. Bestalde, eta arestian esan bezala, talde eta arlo batzuetan lan gehiago egin beharra dago. Besteak beste, etxerik gabeko pertsonekin, nagusien egoitzen inguruan eta baita hauentzako egokitutako etxeen arloan, dependentzia egoeran daudenen familiekin, umeen harrera profesionalean, euren ardurapean umeak dizuten guraso bakarreko familietako emakumeekin eta paperik ez duten eta babes sistematik kanpo gelditzen diren etorkinekin.

Gizarte zerbitzuak herritarren ongizatea hobetzeko bitartekoak direla esan ohi da. Gaur gaurkoz horrela da, edota bazterketa egoeran edota pobrezian bizi direnei zuzenduta daude soilik?

Egia esan, gizarte zerbitzuak herritarren ongizatea hobetzeko dira. Oraindik ere asko dira gizarte zerbitzuak pobreziarekin eta bazterkeriarekin lotzen dituztenak, baina erakundeek zein politikariek gizarte zerbitzuei eta gizarte gaiei buruz hitz egiten dutenean, gizarteko elkarte edo talde desberdinen ongizateari buruz hitz egiten dute. Hauen diskurtsoetan askotan agertzen dira pobrezian bizi direnak edota bazterkeria arriskua dutenak, baina baita beharrizan bereziak dituzten beste talde batzuk ere. Nagusiki emakumeak, orokorrean, eta bereziki genero indarkeria jasan dutenak, gazteak, nagusiak eta etorkinak. Gizarte zerbitzuen arduradunek zein politikariek argi dute gizarte zerbitzuak pobreziaren eta bazterkeriaren aurka borrokatzeko baino zerbait gehiago direla.

Ba al dute parekotasunik alderdi politikoek darabiltzaten diskurtsoek gizarte zerbitzuei dagokienez? Ezberdintasun ba al dago ezker eta eskuinekoen diskurtsoen artean? Zein da alderdi politiko bakoitzak gehien baloratzen duen ikuspegia eta zeini ematen dio garrantzi gutxien?

Alderdi politikoek hauteskundeetan aurkeztu zituen programen eduki azterketak erakutsi digu desberdintasunak daudela 2011-2015 legegintzaldirako egin zituzten proposamenei dagokionez. Helburu desberdinak dituzte, batzuk beste batzuk baino garrantzi gehiago ematen diote gizarteko talde batzuei eta gizarte zerbitzuei buruzko ikuspuntuak ere desberdinak dira. Edozelan ere, elkarrizketatu ditugun adituek diote alderdi politikoen artean ez dutela desberdintasun handirik ikusten eskaini behar diren gizarte zerbitzuen edo bultzatu behar diren egitasmoen inguruan.

Krisiak nola eragin du gizarte zerbitzuen erabileran? Zeren hain justu krisia dela eta, gizarte zerbitzuen erabiltzaile kopuruak gora egin du.

2011ko hauteskundeetan, alderdi politikoek aurkeztu zituzten programetan gizarte zerbitzuak hobetzeari buruz hitz egiten zuten. Edozelan ere, argi dago krisi ekonomikoa oztopo handia izan dela agindutakoak betetzeko. Erakundeen aurrekontuak murriztu diren heinean, aukera gutxi egon da egitasmo berriak martxan jartzeko, berrikuntzarako edo zerbitzu gehiago eskaintzeko. Dirua krisi ekonomikoak eragindako arazoei aurre egiteko erabili da, nagusiki pobreziaren eta bazterkeriaren aurka borrokatzeko. Arrazoi berdinengatik, zerbitzu sozialen 12/2008 legea ere ez da behar bezala garatu.

Zuek egin duzuen ikerketak, alderdi politikoen proposamenak bete diren eta nola bete diren neurtzeko balio izan du. Orokorrean, legegintzaldi bat bukatzen denean, ba al dago nolabaiteko erremintarik politikariek agindu dutena bete den edo ez neurtzeko? Zein izango litzateke metodorik egokiena?

Egia esan, ez dago politikariek agindu dutena bete duten edo ez neurtzeko tresnarik. Hauteskundeetan proposamenak egiten dira, baina gero ez dakigu proposamen horiek bete diren edo ez. Zentzu honetan, ezinbestekoa da ebaluaketarako tresnak, eskalak edo barometroak sortzea. Nire ustez, alderdi politikoek egiten dituzten programak herritarrekin egiten diren kontratu gisa hartu beharko genituzke, eta, beraz, legegintzaldia amaitzen denean, egindako proposamenak bete diren edo ez neurtu beharko lirateke. Eta bete ez diren kasuetan erantzukizun politikoak eskatu beharko lirateke.

Eta etorkizunera begira zein esan liteke dela gizarte zerbitzuen ibilbidea? Zein litzateke gizarte zerbitzu eredu onena edota eraginkorrena?

Gizarte zerbitzuen ibilbidea ekonomiarekin lotuta egongo da. Egoera ekonomikoa ona bada gauza gehiago ahal izango dira. Gizarte zerbitzu berriak sortu eta berrikuntzak egin. Edozelan ere, badirudi etorkizuneko gizarte zerbitzuak gizarte osoaren ongizatea bilatu beharko dutela, eta ez bakarrik egoera ekonomiko txarrean daudenena. Horrek esan nahi du baliabide gehiago beharko direla.

Artículos Periodísticos

15 de junio: Día Mundial de Toma de Conciencia Contra el Abuso y Maltrato en la Vejez

15 de junio: Día Mundial de Toma de Conciencia Contra el Abuso y Maltrato en la Vejez

Ainara Arregi

La Asamblea General de las Naciones Unidas proclamó en 2006, el 15 de junio como Día Mundual de Toma de conciencia Contra el Abuso y el Maltrato en la Vejez, y desde entonces, se celebra anualmente este día en defensa de los derechos de las personas mayores. Con motivo de ello, en GIZADIBERRI hemos recogido el testimonio de personas mayores como Jesús Orbe y Ramón Urrutia, médico e ingeniero jubilados, respectivamente, que nos han acercado su visión sobre el maltrato a personas mayores y nos han comentado algunas pautas a seguir para combatir el maltrato.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.