es
eu

Jose Luis Madrazo: “Bakoitzak bere esku dituen baliabideak jarri behar ditu, arazo guzti honen atzean pertsonak daudelako”

Ainara Arregi

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika saileko Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendaria da Jose Luis Madrazo. Madrazok argi dauka pobrezian bizi diren herriekin, arazoa ez dela arma bidez konpondu behar, baizik eta beharrizana duten herrialdeei lagundu egin behar zaie, bakoitzak bere politika egin ahal izateko.

Jose Luis Madrazo, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika saileko Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendaria

Errefuxiatu gutxi batzuk iritsi dira Euskadira, baina ez hasieran iragarri eta espero zen kopurua. Zergatik?

Nik uste dut, batetik, Europar Batasuna ez zegoela eta ez dagoela prestatuta errefuxiatuen egoera honi erantzuna emateko, Europak ez baitauka immigrazio eta asilo politikarik. Bestetik, Europara sartzeko ahaleginetan ari den jendea identifikatu nahi dute, eta esperientzia pilotua egiten ari dira; agintariek ez dute nahi, eta beldurra dute, hona etortzen diren pertsonak nolabaiteko “marka” bat izatea. Orain, nire galdera zera da: hori onargarria da? Niretzako ez. Dagoen miseria ikusita, Estatu bakoitzak bere erantzukizuna izan behar luke.

Bestalde, azpimarratu behar da, bai Greziak eta baita Italiak ere, bere momentuan egin zituen egin behar ziren identifikazioak, baina gero jendea beste herrialde batzuetara mugitu egin da, eta jendeak galdetzen du zergatik Alemaniara eta zergatik Suediara? Erantzun bat badauka horrek; euskaldunak ere irten beharra izan genuenean, Foru Karlisten garaian, eta Gerra Zibilean ondoren, harrera edo sarea, euskal sarea, zegoen tokira mugitu ginen. Eta siriarrak Alemaniara iristea dute helburu, han sare sozial bat daukatelako, han siriar asko dagoelako. Eta gero, noski, arrazoi ekonomikoak baldintzatuta. Jendea etsituta ateratzen denean, ez dabil batetik bestera, baizik eta, babes bila abiatzen da.

Honek guztiak arazo bat ere badakar, zeren zuk Europan asilo eskubidea eskatzen duzunean, eskubide hori iristen zaren lehenengo herrialdeak eman behar dizu, eta kasu honetan, Dublineko protokoloan salbuespen bat egingo da.

Asilo eskubidea eskatzeko eskubidea izango dute errefuxiatuek, baina kupoak egingo dira, eta kupo horien bidez, banatuko dira errefuxiatuak.

Euskadi prest dago errefuxiatuak jasotzeko?

Euskadik gauza oso polita egin du. Iñigo Urkullu lehendakariak, abuztuaren 12an, sailburuei esan zien oso kezkatuta zegoela errefuxiatuen kontuarekin, eta herri honek nolabait erantzun bat eman beharra zeukala gai honi zegokionez. Irailean aurreneko irudi latzak ikusi genituen. Herri bezala, gure erkidegoan, alderdi politiko ezberdinak daude eta erakunde ezberdinak ere bai, bakoitza bere konpetentziekin, eta Euskadik batasun irudia eman du. Lehendakariak 2 baldintza jarri zizkigun, hasiera-hasieratik: bata, Gobernuz Kanpoko Erakundeekin lanean aritzeko, eta bestea, errefuxiatuen gai honekin ezin zitekeela politikarik egin. Lan bikaina egin dugu Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta EUDELek, eta denen artean, harrera prozesua gauzatzeko baliabide gida bat osotuko dugu. Guk esan genion Madrilgo Idazkari Nagusiari, Immigrazio Idazkari Nagusiari, Euskadik bazeuzkala beharrezko baliabideak errefuxiatuak hartzeko. Guk leialtasunez jokatzen dugu gai honekin.

Bakoitzak bere esku dituen baliabideak jarri behar ditu, arazo guzti honen atzean pertsonak daudelako, eta guretzako horiexek dira garrantzitsuenak, pertsonak.

Zer nolako laguntza jasotzen dute hemen errefuxiatuek?

Errefuxiatuek errefuxiatu bezala ez dute beste edozein herritarrek baino eskubide edo abantaila gehiago. Errefuxiatuek nazioarteko babesa dute, ez dira immigranteak.

Hemen errefuxiatuek aurreneko hartu-emana Gurutze Gorria eta CEAR erakundeekin izaten dute; beraiek laguntzen diete erroldatzen, osasun txartela lortzen, eta gizarteratzeko behar dituzten aurreneko urratsak ematen. 6 eta 9 hilabete bitartean igaro daitezke paper guztiak ofizial egin arte, eta behin horiek lortuta, lan bila has daitezke. Kanpotarrek erroldatuta egotea lortzen dutenean, gainerako hiritarrek dituzten eskubide berdinak izango dituzte: diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte, etab. Umeak etorriko balira, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bere sisteman sartuko lituzke, eta bestalde, etxebizitza publikoak ere prest daude errefuxiatuak hartzeko. Baina beraien eskubideak beste edozein hiritarrenak bezalakoak izango dira, ez gehiago, ezta gutxiago ere.

Kanpotarrei “laguntza” emate horrek, ez al du euskal gizartean iskanbila edo egonezina sortuko?

Ez, ez du sortuko. Guk, erakundeek, bermatu egin behar dugu elkartasuna iraunkorra izan dadila, eta ez xanpaina bezala, hasieran dena eman, eta gero, ezer ere ez. Elkartasuna egin behar da denboran zehar mantendu.

Euskadik horrelako egoeren aurrean beti elkartasunez jokatu du, eta gainera, errefuxiatu bezala ez dute inolako eskubide gehiago izango, beste edozeinek bezalako eskubideak izango dituztelako. Gure babes sisteman dauden eskubideak izango dituzte; esaterako, diru-sarrerak bermatzeko errenta edo RGI delakoa ez da aldatuko beraiei egokitzeko. Jendeak duen sufrimenduarekin ezin dugu lehen eta bigarren mailako errefuxiaturik sortu, denak berdinak baikara. 

Nola ikusten duzu Europak eta Espainiak gai honen aurrean hartu duten jarrera?

Europa ez dago prest horrelako gertakarietarako. Europak ez dauka immigrazio alorreko legedirik, eta horrek asko zailtzen du kontu guztia. Horrez gainera, kontuan izan behar dira, Estatu bakoitzak dituen miseriak. Europako Komisioak kontu hau bere esku izango balu errazagoa izango litzateke baina Estatuen baitan dagoenez, zailagoa da.

Alemaniak egin duen harrera txalogarria da; Espainian horrelakorik gertatuko balitz, sekulako nahasmendua sortuko litzateke. Alemania bezala, Suedia eta beste herrialde batzuk egin dutena ere eredugarria da. Nahiz eta Dublineko protokoloari muzin egin, zaila da pertsona bati Espainiara joan behar duela esatea, berak ez badu Espainiara joan nahi. Eta egia da, errefuxiatu hauen jomuga ez dela Espainia, baizik eta beraien gizarte sarea dituzten tokiak.

Aipagarria da kontu honetan, gizarte gaietan lan egiten dugunok gaudela, baina Barne Ministerioak duen politika ere kontuan izan behar da. Zer gailentzen zaio zeri? Bada, momentu hauetan segurtasun politika gizarte politikaren gainetik dago, segurtasunak lehentasuna dauka.

Errefuxiatuak identifikatu arte, ezin da inolako mugimendurik egin. Eta gainera, zoritzarrez, badirudi, egoera honetan baliatuz zenbaitzuk beste gauza batzuetarako etorri direla. Espero dugu hori ez orokortzea, ze hori bai litzatekeela guretzako eta gizarte politika gaietan sinesten dugunontzako asilo eta pertsonen eskubideetan min egingo liokeen zerbait.

Nazioarteak ez al du zeresanik giza krisi hau konpontzeko?

Arazoa ulertzeko, beti esan ohi da bestearen lekuan jarri behar garela, baina zera pentsatu behar da: herrialde arabiarretan egin den interbentzio militarra desastrea izan da, Egipto, Libia eta orain, Siria ikusi besterik ez dago. Azken batean, leku horietan kanpo potentziak, militarrak sartu direnean, ondorio askoz larriagoak utzi dituzte herri horietan. Horrez gainera, musulmanen sistema politikoa ere ulertu egin behar da, beraiek ez dute demokrazia gure zentzu berean ulertzen, beraiena teokrazia bat da, orduan, beraientzako jainkoa gauza ororen gainetik dago. Kontu oso konplexu da.

Eta besterik, azpimarratuko nuke oraingo hau ez dela krisi humanitarioa, Afrikan gertatzen dena ikusi besterik ez dago zoritzarrez, ustelkeria dela, diktadura-boterea dela edota genozidio-botereak direla. Nik uste dut egin behar genukeena dela, bai nazioarteak eta baita Nazio Batuen Erakundeak elkartasun proiektuak berreskuratu, eta adostasun batera iritsi, herrialde hauei lagundu ahal izateko. Beraien garapen prozesuan lagunduko bagenioke, jende horrek ez luke beren herrialdea utzi eta alde egingo, baina jendeak ez du nahi pobrezian bizi. Nik oso argi daukat, Nazio Batuen Erakundearen sendotzea ezinbestekoa da, eta zenbat eta NBE gehiago, hobe, eta zenbat eta Europa sendoagoa hobe.

Frantzian azaroaren 13an izan zen gertakariak nola eragingo die errefuxiatuei?

Gauza onik ez du ekarriko, nik uste dut Frantzian gertatu dena oso larria dela. Niri beldurra ematen dit hemen islamofobia bat sortuko ote den, horrek asko arduratzen nau. Musulmanei eskatu behar zaie betebeharrak eta eskubideak dituzten pertsona sentitu daitezela joaten diren herrialdera doazela ere, bestela zerbait gaizki egiten ari garen seinale da.

Nik uste dut Parisekoak eragina izango duela, oraindik erresistente diren zenbait herritar geldiarazi egingo dituela uste dut, baina ikusi egin behar da.

Ze konponbide ikusten diozu errefuxiatuen krisi honi?

Krisi hauetatik batasuna sortzen da; krisi ekonomikoa izan denean, Europa pixka bat batu da. Krisi honetatik seguru Europa indartuko dela, ze bestela atzerapausoa izango litzateke. Schengengo Hitzarmena desagertzea hondamendia litzateke, Europako proiektua bertan behera geratuko litzatekeelako.

Batasuna indarra da. Eta gero berreskuratu behar da berriz ere NBEren papera, NBEren lidergoa, ze azken batean NBEk ez badu ezer egiten, gertatu daiteke 1920ko hamarkada horretan Nazioen Liga (NBEren enbrioia) delakoan gertatu zena, hau da, ez zuen funtzionatu eta bien bitartean, faxismoa eta nazismoa indartu egin ziren. NBE berreskuratu behar da, eta nik uste dut, pobrezian bizi diren herriekin, arazoa ez dela arma bidez konpondu behar, baizik eta beharrizana duten herrialdeei lagundu egin behar zaie, bakoitzak bere politika egin ahal izateko. Azken batean, agintari bati ez zaio interesatzen jendeak bere herrialdetik ihes egitea.

Testua: Ainara Arregi – @AinaraArregi

Artículos Periodísticos

15 de junio: Día Mundial de Toma de Conciencia Contra el Abuso y Maltrato en la Vejez

15 de junio: Día Mundial de Toma de Conciencia Contra el Abuso y Maltrato en la Vejez

Ainara Arregi

La Asamblea General de las Naciones Unidas proclamó en 2006, el 15 de junio como Día Mundual de Toma de conciencia Contra el Abuso y el Maltrato en la Vejez, y desde entonces, se celebra anualmente este día en defensa de los derechos de las personas mayores. Con motivo de ello, en GIZADIBERRI hemos recogido el testimonio de personas mayores como Jesús Orbe y Ramón Urrutia, médico e ingeniero jubilados, respectivamente, que nos han acercado su visión sobre el maltrato a personas mayores y nos han comentado algunas pautas a seguir para combatir el maltrato.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.