es
eu

Beharrezko ebaluazioa

Saioa Baleztena

Udaletan eta Foru Aldundietan legealdi berria hastear garela, momentu egokia da atzera begiratu eta alderdi politikoek duela lau urte agindutakoa bete ote duten aztertzeko. Hauteskunde kanpainan zerbitzu sozialak behin eta berriz aipatu dituzte, baina duela lau urte alor horretan egingo zutela esandakotik zer bete dute?

Lerro gorriak, zerbitzu sozialen unibertsaltasuna, berauon publikotasunaren defentsa... hauteskunde kanpainan politikarien ahotan entzun ditugu beste behin ere, duela lau urte legez. Eta, bitartean, zer gertatu da joan den legealdian zehar? Zertan geratu dira duela lau urte eginiko promesak? Beste behin, egunerokoaren espiralean sartu aurretik, har dezagun galderoi erantzunak bilatzeko tartea.

Lan horretan aritu dira Patxi Juaristi EHUko irakaslea eta Eneritz Rekarte master ikaslea, Gizadiberrik sustatutako ikerketan. Abiapuntua EAEko legealdiaren analisia eta ebaluaketa egitea izan da, zerbitzu sozialen ikuspuntutik: zer agindu zuten? Zer egin dute? Zein izan da bien arteko aldea? Lau urtekoaren erradiografia, lehenik, eta hiru lurralde historikoen egungo eta etorkizuneko eredu sozialaren azterketara, ostean. Metodoa? Hauteskunde programen analisia eta sektoreko teknikari eta adituekin solasaldiak.

Ikerketaren ondorio nabarmenetako bat azterketa lan horien falta da; ez dago inor ez ezer, zerbitzu sozialen arloan behintzat, alderdi politikoek agindutakoaren jarraipenik egingo duenik. “Teknikariek beraiek ere faltan botatzen dituzte horrelako ikerketak”, dio Eneritz Rekartek; “eskertzen dituzte mota honetako ekimenak”. Horregatik, ebaluaziook egiteaz arduratuko litzatekeen erakunde, barometro edo bestelakoren baten sorreraren alde apustu egiten dute elkarrizketatu guztiek. Beraz, alderdi politikoen lanari nota jartzea, egindakoa ebaluatzeko tresnarik eskura izan gabe, “oso zaila” da.

Nekeza baita ere agindutakoaren egikaritzapena egiaztatzea. 2011ko kanpainan 736 proposamen aurkeztu zituzten orduko lau alderdi nagusiek zerbitzu sozialen arloan: 263 EH Bilduk, 141 Alderdi Popularrak, 106 EAJ-k eta 226 PSE-EE. Lanean azpimarratzen denez, teknikariei oso zaila egiten zaie proposamen horiek bete diren edo ez baieztatzea, beraien lan-esparru konkretutik kanpokoaren berri zehatzik ez baitute; ikuspegi orokor batetik begiratuta, aldiz, proposamenok oro har “gauzatu” direla ondorioztatu du ikerketak.

Lanaren beste ondorio nagusietako bat EAEko babes sozialeko sistemaren eraginkortasuna da; egungo krisi testuinguruan, erantzun “egokia” ematen ari baitzaio gizartearen beharrei. Hutsuneak daude, hobetu beharreko puntuak... baina orokorrean egungo ereduak ongi funtzionatzen du; alorreko langile eta adituek partekatzen duten iritzia da hori.

Alderdi politikoen diskurtsoak nahiko homogeneoak dira, eta teknikariek jarraipena dute euren lanean, “onerako eta txarrerako”, azpimarratu du Rekartek; izan ere, tamalez, kasu askotan gaizki dauden gauzek ere bere baitan jarraitzen dute erakundeetako kolore politikoa aldatu arren, “ez dago aldaketarik errotik”. Beraz, ezker-eskuin desberdintasuna, zerbitzu sozialei dagokionez, badirudi gehiago dela dialektika kontua: “Diskurtsoa bat da, baina egitean ez dago desberdintasunik”. Funtsezko gaietan, alderdi guztiak bat datoz eta inork ez ditu eredu sozialaren oinarriak zalantzan jartzen, orain arte behintzat.

Alderdi politiko batzuen kasuan, ordea, aldaketa nabarmenak daude aurreko hauteskundeetan erabili zuten mezuekin alderatuta; alderdi popularraren kanpainan, esaterako, zarata handia atera duen, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren moldaketa eskaera, ez zen hainbeste entzun euren 2011ko planteamenduetan. “Zerbait aipatzen zuten, baina ez du zerikusirik azken asteotan zabaldu duten mezuarekin”.

Alorreko langileei dagokienez, Rekartek zatiketa aurkitu du: babes sozialeko sistemaren oinarri, badira errentaren defentsa sutsua egiten duten teknikariak, baina baita beronen erreformari atea irekitzen diotenak ere; batzuentzat, “beharrezkoa da, gizarteari mesede handia egiten diona”, azaldu du Rekartek; beste batzuentzat, aldiz,  “beste modu batera planteatu beharreko zerbait da, aldatu beharreko zerbitzua”.

Aurrera begira
Egoera ekonomikoak zerbitzu sozialentzat dakartzan erronkak ere hizpide dira aditu eta teknikarien diskurtsoetan. Krisiaren ondorioz, hartzaileek gora egin dute, baina horri aurre egiteko moduan ikusten dira, oraingoz behintzat, alorreko langileak. “Dauzkaten baliabideekin ongi moldatzen dira, dagoenari eusteko gai dira”, azaldu du Rekartek. Finantziazio arazoak, ordea, proiektu berriak martxan jartzerako orduan agertzen dira, hor hautematen dira estutasunak. Puntu horretan aurkitzen da, seguruenik, etorkizuneko desafio nagusia: baliabideak behera, erabiltzaileak gora... eta aurrera egin behar.

Beste erronketako bat zerbitzuok gizarte osora zabaltzea litzateke, gizatiarrago bilakatuz. “Planteamendua denengana heltzea da”, zerbitzu sozialak hartzaile klasikoetatik atera eta beste esparru batzuetara zabalduz; Rekartek adineko pertsona batzuen bakardade arazoak jartzen ditu gaur egun zein etorkizunean erantzun beharreko behar berrien adibide gisa. Zerbitzua XXI. mendera eguneratzea, alajaina. Bada zereginik.

Artículos Periodísticos

15 de junio: Día Mundial de Toma de Conciencia Contra el Abuso y Maltrato en la Vejez

15 de junio: Día Mundial de Toma de Conciencia Contra el Abuso y Maltrato en la Vejez

Ainara Arregi

La Asamblea General de las Naciones Unidas proclamó en 2006, el 15 de junio como Día Mundual de Toma de conciencia Contra el Abuso y el Maltrato en la Vejez, y desde entonces, se celebra anualmente este día en defensa de los derechos de las personas mayores. Con motivo de ello, en GIZADIBERRI hemos recogido el testimonio de personas mayores como Jesús Orbe y Ramón Urrutia, médico e ingeniero jubilados, respectivamente, que nos han acercado su visión sobre el maltrato a personas mayores y nos han comentado algunas pautas a seguir para combatir el maltrato.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.