es
eu

Txanponaren bi aldeak

Jon Intxaurraga

Bakardadea normalean adinekoekin lotzen den arren, gazteak ere gogor jotzen ditu. Bakardadea zer eta nola sentitzen den jakiteko, Lurdes (Abadiño, 1953) eta Kermanekin (Galdakao, 1991) bildu gara. Txanponaren bi aldeak dira. Lurdes bakarrik bizi arren, ez dauka “ezertarako astirik” eta Kerman, ordea, gurasoekin bizi arren, bakardadea eta depresioa pairatzen ditu.

Fizkes /Fotolia

Lurdes bakarrik bizi da Abadiñon. Alargun geratu zen duela 35 urte eta hiru seme-alabak etxetik kanpo ditu. Gainera, iaz erretiroa hartu zuen eta ordu asko betetzeko baditu ere, ez dauka “ezertarako astirik”. Agenda beteta dauka: yoga, kirola, jubilatu-elkartea, lagunekin biltzea, paseoan ibiltzea.... Normalean, egunean egunekoa antolatzen du eta “bakartasun momentuak” eduki arren, ez da bakarrik sentitzen. Bidea eginda dauka, izan ere, 1983an alargun geratu zen. Orduan Algerian bizi zen eta senarra istripu batean hil zitzaion. Bi seme-alaba txiki zeuzkaten, bertan jaioak, eta beste bat bidean. Arazo ugari izan zituen Lurdesek Euskal Herrira bueltatzeko. Paperak lortzeko oztopo handiak jarri zizkioten, batez ere, umeak aljeriarrak zirelako. Azkenean, bere koinatuari esker lortu zuen Afrikatik ateratzea. Handik sorterrira bueltatu zen, gurasoen etxera hain zuzen, eta hiru seme-alabak atera zituen. “Oso bakarrik sentitu nintzen” dio Lurdesek, ailegatzean seme-alabentzako eskola eta berarentzako lana topatu behar zituelako. Familiak babes handia eman zion eta, adibidez, seme-alabak zaintzen zizkion. “15:00etatik 22:00ak arteko ordutegia neukan eta gurasoak joaten ziren eskolara biloben bila” azaltzen digu.

Kermanen egoera txanponaren beste aldea da. Bere kasuan inguruan jendea egon arren, bakardadea eta depresioa “eskutik” joan dira. Hasieran, bere burua zamatzat hartu zuen, lagunak molestatzen ari zela edo berarentzako denbora ez balute bezala iritzita. Aurrerago, denbora falta borondate faltarekin nahastu zituen eta, azkenik, sorgin-gurpila bihurtu zen: isolatzen zenez, ez zuen laguntzarik eskatzen eta laguntzarik eskatzen ez zuenez, lagunek ezin zuten jakin zer gertatzen zitzaion. Bere egoeraren larriaz konturatu zenean konponbide bila aritu zen. Ez zuen deprimituta egon nahi eta berriro hasi zen lagunekin planak egiten. Arazoak zetozen etxera bueltatzean, orduan bueltatzen zirelako kalte egiten zioten pentsamenduak. Kermanek profesionalengana jo zuen eta psikiatrekin zein psikologoekin egon da. Antsietatea eta depresioa sendatzeko botikak eman dizkiote eta terapia hartu du. Bertan, lagunekin bezala gertatu zaio: barneak husten gustura zegoen, baina, kontsultatik irten ostean, errealitatea zain zeukan.

Gaixotasun isilen estigma 

Lurdes eta Kerman ados daude: bakardadeak berezkoa du estigma. Lurdesek jubilatu elkarteko esperientziak aipatzen ditu: “oso jende gutxi ausartzen da bakarrik etortzera”. Kermanen kasuan bere egoerarekin lotuago dago. Ingurunean denek ez dakite gaixorik dagoela eta familia giroa, lan-egoera eta bikote haustura depresioaren jatorritzat jotzen ditu. Dioskunez, aita “ohiko figura autoritarioa da, gizonaren ahulezia emozionalak nekez ulertzen dituenetakoa”, eta, ama errudun sentitzen da. Ingurukoen babesa jaso duen arren, “nolabait” estigmatizatuta dagoela sentitzen du. Egoerak antsietatea eragiten dio eta bakarrik dagoenari laguntzeko pistak ematen dizkigu: “entzutea eta, askoz jota, besarkada bat ematea”. Zehazten digunez, “harreman fisikoa faltan izaten duzu, are gehiago, nire kasuan bikotea izatera ohituta nagoelako”. Gaurko aldarteaz galdetuta, zintzo erantzuten digu Kermanek: “oso aldakorra da, gaur ondo nago, baina bihar nire buruaz beste egiteko gogoz altxa naiteke”. Bizirik irtetea du asteko helburua, datorrenak zer ekarriko zain. Inork ez luke esango bera ikusita, baina, depresioa gaixotasun isila da: “ez du arrasto fisikorik uzten, eta, beste faktoreekin nahasten denez, edonork pairatu dezake”. Jorratu beharreko gaia dela dio, hedabideetan ere bai. Amaitu aurretik, azken gogoeta uzten digu: gure gizarte indibidualista bakardade-haztegia bihurtu daiteke. Abisatuta gaude.

Artículos Periodísticos

15 de junio: Día Mundial de Toma de Conciencia Contra el Abuso y Maltrato en la Vejez

15 de junio: Día Mundial de Toma de Conciencia Contra el Abuso y Maltrato en la Vejez

Ainara Arregi

La Asamblea General de las Naciones Unidas proclamó en 2006, el 15 de junio como Día Mundual de Toma de conciencia Contra el Abuso y el Maltrato en la Vejez, y desde entonces, se celebra anualmente este día en defensa de los derechos de las personas mayores. Con motivo de ello, en GIZADIBERRI hemos recogido el testimonio de personas mayores como Jesús Orbe y Ramón Urrutia, médico e ingeniero jubilados, respectivamente, que nos han acercado su visión sobre el maltrato a personas mayores y nos han comentado algunas pautas a seguir para combatir el maltrato.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.