es
eu

Sami Naïr: “Politikariek ez badituzte arazo ekonomikoak konpontzen, arazo identitarioetan bilakatzen dira”

Patxi Vrignon-Etxezaharreta

Giza-mugimenduetan eta migrazio arazoetan aditua den unibertsitateko irakaslea, filosofoa eta politologoa da Sami Naïr (1946, Tlemcen, Aljeria). Ideia marxistetatik eta komunismotik gertu izan bada ere, ez da inoiz alderdi politiko bati lotua izan. 1997tik 1999ra, frantses gobernuaren kontseilaria izan zen eta 1999tik 2004ra, europar diputatua Europako alderdi sozialistaz hurbil. Zientzia politikoak irakatsi ditu Paris VIII unibertsitatean, eta Madrileko Carlos III unibertsitatean gomitatua izan da, Amerika latineko, Ipar-Afrikako ala Europako hainbat unibertsitatetan bezala.

 

Nola ikusten duzu errefuxiatuei egiten zaien harrerari buruzko egoera, mendebaldeko Europan eta, batez ere, Espainian?

Egoera izigarri txarra da. Orokorki, Europako herrien migrazio politikak gogortu egin dira azken urte hauetan eta geroz eta gehiago gogortzen joanen dira, migrazio galdera estrukturala garatuko baita, jadanik nahiko garrantzitsua baldin bada ere. Lehen arrazoia, Ipar eta Hegoaldeko herrien aberastasunen eta giza-ezberdintasunen artean dagoen arteka da. Eta bigarrena, migrazio-galdera honen biderkatzea azaltzen duena da, 1990. hamarkadaz geroztik, Europar Batasunak contengement edo edukitze politika bat plantan ezarri duela, mugak hetsiz; eta orokorki, politika honek bere ondorioak ekarri ditu. Gaur egun, immigrazio ilegalak pertsonen kopuru murritz bat errepresentatzen du, immigrazio legalari begira. Oroitu behar da immigrazio legala, ilegala baino askoz handiagoa dela zenbakietan, hedabideek immigrazio ilegalaren alde dramatikoa eta tragikoa azpimarratu ohi badute ere. Mugak hetsiz gero, immigrazio ilegala bidertu da, nola ez, eta honek giza-trafikoa ere eragin du. Testuinguru honetan, europar gobernuek euren migrazio politikak bernazionalizatzea erabaki dute. Lehenik Austriarrak izan dira, errefuxiatuen krisiarekin, eta haien aurretik Frantsesak, zinez bortitzak izan direnak bernazionalizazio prozesu honetan: badu urteak emigrante ilegalak Italiako mugara eremaiten dituztela ezer gertatu ez balitz bezala. Eta orain, ber mekanika aplikatzen dute Espainiako mugarekin, migratuentzat Europarako atea handiena bilakatu den bidearekin.

Zeintzuk lirateke Frantziako gobernuak ekarri beharko lituzketen erantzunak, ondorioz?

Gobernuek orientazio errepresibo bat hartzea erabaki dute. Nire iduriko, joera hau epe laburreko aterabide bat da, berantago kario pagatuko dutena, Europako bizi politikaren erradikalizazioa lagunduz. Merkel andereari nire omena erakutsi nahi nioke, bera izan baita Europako buruzagi bakarra errefuxiatuak bere herriarentzat aukera bat izaten ahal zirela ulertu duena. Baina eskuburdinak jarri dizkiote, eskumuturrak bizkar atzean lotuz. Honen gibelean arazo gako bat dator, hau da, Europako Komisioak eta Europako gobernuak hautatu duten politika ekonomikoa: politika liberal bat, ez duena batere Europan dagoen enplegu problema konpontzera laguntzen, eta alderantziz, giza-ezberdintasunak handitzen dituen politika bat. Argi dago datozen hauteskunde europarrak migrazioaren galderaren inguruan trenkatuko direla, honek Europaren politika ekonomikoaren gai garrantzitsua ahaztea ahalbidetzen duelako, eta Europar Komisioa eta gaurko buruzagiak moldatzen dituelako

Eta Espainiako gobernuak zer egin beharko luke?

Espainiako gobernua arras beste egoera batean dago. Gaur egun, berak ditu neurri hoberenak hartzen Europan, egoera konplikatu batetan. Mugetan giza-eskubideak berriro errespetarazi ditu, eta sufrikarioaren paper demagogoa ukatu du. Eta ez da gauza erraza, herriaren barnean, programa politiko serios baten eskasez,  mugimendu xenofoboenek migratuen presentzia ustiatuko baitute. Honi gehituz Espainiaren egoera ekonomikoa beti oso latza dela...

Zergatik migratu batzuek, gaur egun, beraien bidea Euskal Herriko herrixka batzuetan gelditzea erabakitzen ote dute, Bilbon gelditu ordez lehen egiten ohi zuten gisara, ala Paris edo Londresera segitu ordez?

Uste dut erabaki hau beste lekuetan ezagutzen dituzten zailtasunei lotuta dagoela. Ez dut arazoa puntaraino ezagutzen, baina uste dut eskualde hiritartuetan geratzea geroz eta zailago egiten zaiela. Baina ez dut pentsatzen egoera hau luzatzera deitua denik, ez dut pentsatzen migratuak herrixka txikietan geratuko direnik. Immigrazioa, gaur egun, kasik esklusiboki hiriko fenomeno bat da. Beraien nazioetan baserria uzten eta hiri handietan leku eskasez ezin biziz (Lagosen bezala, Nigerian), Europara etortzea erabakitzen duen jendea da. Europara ihesi datoz. Eta zentro urbano eta megapolis handiek baizik ez zaizkie interesatzen. Han baitute lana aurkitzen ahalko.

Espainiak pausu handi bat eman du Aquariusari ekarri dion erantzunaren bidez… Zer deritzozu?

Pedro Sanchezek bihotz oneko mezu bat igorri du. Uste dut galdera hauen gainean elkartasun begirada botatzen duela, errealista. Erabaki hau hartu duelarik, Europako beste herriek pixka bat bazterretik begiratu diote, beraientzat seinale txar bat baitzen. Pedro Sanchezek giza arrazoientzat egin du, itsasontzia egoera larrian zegoelako… Baina ezingo du erabaki berdina hartu itsasontzi bat egoera larrian agertu den aldi bakoitzean, Espainiak ezin duelako arazo hau bakarrik konpondu.

Herriz-herri baino, erronka ez ote da Europa mailako irtenbide bat bilatzea?

Noski, aterabidea, europarra da. Europar Batasunaren arazo ekonomiko handien parean, immigrazioa zinez gai sekundario bat da. Ez du ezer errepresentatzen europaren makro-ekonomiaren taulan. Asko laguntzen du, beste gai batzuek baino askoz gehiago, ordea, aberastasun globalaren indartzen eta handitzen. Inkesta serio guztiek konprobatzen dute. Baina arazo hau gai irrazional bat bilakatu da, zentzugabekeria bat, eta migratzaileetaz baliatzen dira  1930 urteetan bezala, orduan Juduak erabiltzen ziren alderdi Nazia loditzeko. Hori badakigu; tamalez, arazo ekonomikoak politikariek ez badituzte konpontzen, arazo identitarioetan bilakatzen dira.
 

Artículos Periodísticos

15 de junio: Día Mundial de Toma de Conciencia Contra el Abuso y Maltrato en la Vejez

15 de junio: Día Mundial de Toma de Conciencia Contra el Abuso y Maltrato en la Vejez

Ainara Arregi

La Asamblea General de las Naciones Unidas proclamó en 2006, el 15 de junio como Día Mundual de Toma de conciencia Contra el Abuso y el Maltrato en la Vejez, y desde entonces, se celebra anualmente este día en defensa de los derechos de las personas mayores. Con motivo de ello, en GIZADIBERRI hemos recogido el testimonio de personas mayores como Jesús Orbe y Ramón Urrutia, médico e ingeniero jubilados, respectivamente, que nos han acercado su visión sobre el maltrato a personas mayores y nos han comentado algunas pautas a seguir para combatir el maltrato.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.