es
eu

Oporrak: Langile askok gauzatu ezin duten eskubidea

Jon Intxaurraga

Iparraldeko haize hotzak kontrakoa aditzera ematen badu ere, uda hurbiltzen ari da eta, uztaila eta abuztuarekin batera, oporrak. Seguruenik, asko eta asko izango dira datozen hilabeteetan nora joan erabakitzen ariko direnak, zer leku ezagutu edo non erlaxatuko diren urte osoan zehar aurreztu duten diruarekin. Oporrak eskubide bat dira, Estatu espainolean ez ezik, nazioarte-mailako lan-arloko testu arauemailerik garrantzitsuenek aitortzen dutena. Eta ez dira nolanahiko oporrak, ordainduta izan behar dutelako. Horrelaxe azaltzen du Deustuko Unibertsitateko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakaslea den Francisco Javier Arrieta Idiakezek, eta, eskubidea jasotzen duten hainbat lege arauemaile aipatzen ditu arrapaladan, hala nola, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean, Ekonomia-, Gizarte-, eta Kultura- eskubideen Nazioarteko Itunean, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 132. hitzarmenean, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunean edota Europar Batasuneko 2003/88/EE Zuzentarauan eta Europako Gizarte Gutunean. 

 

Eskubide askoren modura, opor ordainduak izateko eskubidea borroka baten ondorioz aitortu ziren lehen aldiz. Frantzian gertatu zen eta ‘greba alaien’ ondorioz lortu zen, eskubide hori ez ezik, 40 orduko lan-astea eta ordezkaritza-sindikalaren aitortzea aldarrikatzen zituztenak. Front Populaire, sozialisten eta komunisten koalizioak, 1936ko maiatzeko hauteskundeak irabazi eta agindua bete zuen: langileek 2 asteko oporraldi ordaindua izango zuten. León Blumek buru zuen gobernuak sindikatuak eta patronalak Matignoneko jauregian bildu eta 1936ko ekainaren 26an Matignoneko hitzarmena sinatu zuten, ongizate estatuaren oinarria jarri zutenak, ordutik aurrera munduan zehar esportatu den eredua. Arrieta Idiakezen berbetan, estreinakoz soldatapeko eta “inorentzako edo alokairuko langile deritzenentzat”, hots, nagusia dutenentzat, aplikatu zen araua. Kooperatibak sortu zirenean, bazkide langileek zein laneko bazkideek ere jaso zuten eskubide hau, haien ostean, enplegatu publikoei aitortu zitzaien eta autonomoak dira, gaur egun, opor ordainduetarako eskubidea ez duten bakarrak.

Etxean geratzen diren langileak

Edonola ere, opor ordainduetarako eskubidea ez da beti opor ordainduak gozatzeko aukera izatearen baliokidea. Krisiak ondo erakutsi du eskubide bat izateak eta berau gauzatzeak ez dutela zertan bat egin beti.  Eusko Jaurlaritzak egindako Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko azken inkestaren arabera, 2014 eta 2016 bitartean, %22,6tik %19ra jaitsi da arazo ekonomikoengatik astebeteko oporrak hartu ezin duten pertsonen ehunekoa.  407.679 lagun inguru dira eta Luis Sanzo Eustateko teknikariaren iritziz arrazoi ekonomikoak daude atzean. Egoera egonkorra ei da, izan ere, EAEko biztanleen %15ak- %20ak ez dauka oporretan joateko aukerarik. Txostenaren arabera, oporretan etxean geratu behar direnen diru-sarrerak bataz bestekoa baino askoz apalagoak dira eta horrek eragina dauka, batez ere, familia mota batzuengan: adingabeak dituztenak, guraso bakarrekoak direnak, edota langabezian edo behin-behineko enpleguak dituztenak. Eustaten arabera, aisialdian murriztapen egin duten familia kopuruak etengabe igo du 2004tik 2014ra, 116.100 familia izatetik 278.800 izatera. Horrek ez du esan nahi aisialdiari muzin egiten diotenik; baizik eta gastuak ohi baino txikiagoak direla, izan ere, datuek erakusten dutenez, etxean geratu direnen kopuruak igo duen arren, 2006tik hona gora egin du hoteletan, kafetegietan eta jatetxeetan EAEko biztanleek gastatzen duten diruak. Hainbat irakurketa ditu datuak, izan ere, 2015ean 2006ko gastu- kopuruak gainditu baziren ere (2.847.383€ < 3.106.939€), etxeko bataz bestekoa zein banaketa portzentuala mantendu dira, hots, aisialdiari dagokionez, etxetik ateratzea ez ei da lehentasuna eta diru-sarreren igoerak ez ei du, berez, ekarri aisialdiaren gastua emendatzea.

Normalean etxean geratu behar izatea lotzen dugu langabeziarekin, lanik gabe gaudela-eta, ez dugulako diru nahiko kanpora ateratzeko. Halere, langile asko geratzen dira etxean prekarietatea edo lan-baldintzak direla medio. Javier Arrietaren ustez, ezegonkortasun arazoak dituzten edo autonomo faltsuak zein txikiak izan ohi dira kaltetuenak, zerga edo Gizarte-Segurantzarekin gorabeherak dituztelako. Hauen artean, “txirotutako langileen” egoera da kaxkarrena, soldata baxuko edo alde bateko lanak dauzkatelako, ezin baitute “behar bezalako” oporrik izan.  Deustuko irakaslearen hitzetan, autonomoek ere nekez hartzen dituzte oporrak, nahiko lan dutelako euren negozioari eustearekin, izan ere, egun libreetan ez dute diru-sarrerarik izaten. Era berean, badaude ordaindutako oporrak izan arren, atsedenaldian zehar lan egitera behartuta daudenak aparteko diru-sarreren premian egoteagatik, esate baterako, autonomo faltsuak. Arrietaren berbetan aldaera berriak agertu dira, adibidez, lan deiaren zain egotearren beti prest egon behar duten langileak. Langile mota hauek oporraldiak eta atsedenaldiak sakrifikatzen dituzte sarritan enkargu bat ez galtzeko. ‘Autonomo faltsuak’ deitzen zaie, enpresaburuak autonomotzat hartzen baditu ere, izatez, langileak ez duelako horrela jarduten eta, gainera, oso zaila egiten zaio hori frogatzea.  Beste kaltetutako langile mota bat dira Uber, Glovo edo Deliveroo bezalako enpresetan daudenak. Arrietak dioenez, plataforma birtualetako langileak dira sarri, lankidetzazko ekonomikoaren itxurapean lan egiten dutenak. Zerbitzu-emailea eta bezeroaren artean kokatuta ei daude, baina, funtsean, autonomo faltsu gisa jarduten dute, izan ere, plataformako titularrak dira, finean, bitartekari-lanak egiten dituztenak, zerbitzu-emaileen lana erabat zuzendu eta kontrolatzen dutelako. Horren ondorioz, gero eta Estatu gehiagoko lan-ikuskatzaileek iruzurtitzat hartzen dituzte.

Eta bidaiatzen dutenak zer?

Bidaiatzen dutenen artean, maiztasunak aldatu dira azken urteotan, Eustateko datuek erakusten dutenez. 2004ean 164.500. lagunek “ia guztietan” bidaiatzen zuten. Hamar urte ondoren, 110.700. ziren ohitura hori dutenak. 35 urtetik beherakoen artean igarri da beheraldia: duela hamalau urte 69.200. gazteek bidaiatzen zuten “ia guztietan” eta 2014an 37.100. gazte dira hori egiten dutenak. “Noizbait” bidaiatzen dutenen artean ere, gorabeherak egon dira 10 urteetan, izan ere, 653.100. lagun zeuden multzo horretan, 772.300. bost urte ostean eta, azken inkestaren arabera, 642.700 ziren lantzean behin txangoa egiten zutenak. Proportzioei erreparatuz gero, 1996tik 2006ra bilakaera gorabeheratsua izan du bidaiatzen dutenen kopurua. Sanzoren berbetan, ‘%52,3tik %63,6ra igo zen eta gero, krisiarekin batera, %58,4ra jaitsi zen 2016an  %61,7ra heldu arte” eta , gaur egun 2004ko egoeratik hurbil egon arren, oso urrun gaude 2008-2012ko kopuruetatik. Sanzok bi datu eransten ditu EAEko egoera perspektibaz ulertze aldera: krisia gorabehera, 1996tik hona oporretan joaten direnen kopuruak igoera jarraitua izan du eta etxean geratu behar direnak “kopuru handia diren arren” baxua da Europakoak kontuan hartuta (Espainian %40koa eta Frantzian %23,4a).

Espainiako datuei buruz galdetuta, UNEDeko soziologia irakaslea den Oscar Iglesiasen iritziz, datu hauek Espainia “duala” erakusten dute, non diru asko dutenek gero eta diru gehiago pilatzen baitute eta diru gutxi dutenak bazterketa-egoeraren mugan kokatzen baitira. Austeritate neurrien ondorio zuzena direla dio, Espainian giza-desberdintasuna areagotu dutenak, Europako tasa handienetakora heldu arte. Bere ustez, lotsagarria da Espainia bezalako potentzia turistiko batean, 2017an 82 miloi bisita izan zituena, 18,7 miloi biztanleek ezin hartzea astebeteko oporraldia etxetik kanpo. Bada, krisitik ateratzea baino, auzia da gizartea berdintsuago edo ezberdintsuago ateratzen den eta Espainiaren kasuan bigarrena gertatu ei da. EAEn gertatzen den bezala, familiak dira egoera hau gehien pairatzen dutenak eta eragina zuzena du umeengan, ezin direlako, adibidez, lagunekin hiri-udalekuetara joan. Gazteen egoera ere ez da batere xamurra, izan ere, 16 eta 29 urte artean duten gazteen %46,9a ezin baita astebetez oporretan joan. Oso egoera larria dela uste du Iglesiasek, oraindik eta larriagoa aintzat hartzen badugu bidaiatzea “ezinbestekotzat jotzen dela hain aldakorra nahiz interkonektatua den mundu honetan”.

Etxean geratu behar izatea gogorra bada, etxetik ateratzeko hainbat familiek egiten duten ahaleginak iraganeko garaiak ekartzen dizkigu burura. Diotenez, 50. hamarkadan Athletic Espainiako Errege Kopako finalera sailkatzen zenean, hainbat zale zurigorriek koltxoia bahituran ematen zuten partidara joan ahal izateko. Krisiaren ondorioz, koltxoia eman ez, baina kanpora ateratzen diren espainiarren %42ak kredituak eskatzen ditu oporrak ordaindu ahal izateko. Iglesiasek itxurak egitea aipatzen du fenomeno honen arrazoien artean, “plantak egitea gero eta garrantzitsuagoa da gizartean, oporretan joan ez ezik, uneoro zertan ari garen eta non gauden kontatu behar dugulako sare-sozialetan”. Horrek jende asko bultzatu du oporrak kreditu-txartelekin ordaintzera edota bankuak edo hainbat enpresek eskaintzen dituzten ordainketa geroago egiteko konpromisoarekin edota interesak dituzten kredituekin pagatzera. Interes handiko eragiketak direla dio Iglesiasek, bezeroek publizitatearen bidez jasatako “etengabeko bonbardaketaren” ondorioz eskatzen dituztenak, diru kopuru handiak arin eta erraz lortu daitezkeelako ustetan. 

Ez dute igarri

Bankuak edota hainbat enpresek ez ezik, badira oporrak finantziatzeko aukera ematen duten bidaia-agentziak, adibidez, Viajes Azul Marino. Esate baterako, krisiaren garai latzenean jokatu zituen finalak Athleticek eta orduan bidaia ordaintzeko hainbat era eskaini arren, zenbait bezerok finantziatu zituzten bidaiak. “Bucarest edo Madrileko finalak bakarrak izan ziren eta jendea horretaz jabetu zen” dio Iñigo del Hoyok, enpresako Zuzendari Nagusiak. Bidaiatzeko maiztasunei buruzko datuei buruz galdetuta, ez ei dute igarri apalaldia, aitzitik, salmentak gora ari direlako eta azpimarra egiten du “jendeak beti gordetzen du diruaren zati bat oporretan joateko”.

Artículos Periodísticos

15 de junio: Día Mundial de Toma de Conciencia Contra el Abuso y Maltrato en la Vejez

15 de junio: Día Mundial de Toma de Conciencia Contra el Abuso y Maltrato en la Vejez

Ainara Arregi

La Asamblea General de las Naciones Unidas proclamó en 2006, el 15 de junio como Día Mundual de Toma de conciencia Contra el Abuso y el Maltrato en la Vejez, y desde entonces, se celebra anualmente este día en defensa de los derechos de las personas mayores. Con motivo de ello, en GIZADIBERRI hemos recogido el testimonio de personas mayores como Jesús Orbe y Ramón Urrutia, médico e ingeniero jubilados, respectivamente, que nos han acercado su visión sobre el maltrato a personas mayores y nos han comentado algunas pautas a seguir para combatir el maltrato.

Opinión

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Alzheimerra, lehentasun soziosanitarioa

Koldo Aulestia

Alzheimerrari heltzea osasun publikoaren lehentasuna eta lehen mailako arazo soziosanitarioa da. XXI. mendeko epidemia isil handia bihurtu da, eta edozein sistema soziosanitarioen iraunkortasunerako erronka handia.