Oskar Epelde
Euskal Herriko nazioarteko adopzioari erreparatuz gero, Asiako haurrekin batera Afrikako haurren adopzioak nagusitu dira azken hamarkadetan. Baina, zein da jatorrizko herrialdetan haurrek bizi duten testuingurua? Idatzi honen bitartez Erdialdeko Afrikan kale gorrian bizi diren neskatilen errealitatea ekarri dugu gurera.
Istripuz jaio zirela. 6 bat ama-nerabe elkarrizketatu banituen, denek gauza bera esan zidaten: umea izatea ez zela izan euren erabakiaren ondorioz. Eta esan beharrik ere ez, denak, baita 14 urteko Promise ere, eskola utzi eta miseria gorrian bizitzera zigortuta zeudela, Kinshasako auzorik merkeenean, umearen aita baten inongo laguntzarik gabe eta euren amaren txapazko-etxolan argindarrik eta urik gabe.
Giza-olde honen hazkunde-ereduaren desoreken astinduz, Kongoko Errepublika Demokratikoaren hiriburuak 12 edo 15 milioi bizilagun omen ditu, inork ez daki jadanik zenbat diren gaur, are gutxiago bihar zenbat izango diren. Nabaria da desorekak ere botere publikoen erantzukizun gabeziaren isla izan direla. Alde batetik parte-hartze publikoaren bazterketa, eta bestetik, berekoiak eta itsuak diren mentalitateen mendeak izan dira nagusi merkatuaren baso ilunean sustraiak ere galdu dituzten eremu pribatuetan. Emakumeak gizonen azpian egon behar dutela Biblian ere idatzita datorrela esaten dute. Sexu-bortxaketak ere oraintsu arte nekez zigortu dira justizia merkatuaren legearen mendean izan delarik. Neskek, oro har, baina batez ere neska behartsuenek, ez dute egundo inongo askatasunik gozatu zenbat ume, noiz eta nola izango dituzten erabakitzeko orduan.
Promise Mwanza 2014an ezagutu nuen Kinshasa ekialdeko Nsele auzoan –Nsela hitzak kalea edo bidea esan nahi du lingaleraz–. Promisen amak hanka bat gaixorik zuen, ustez beste norbaitek bota zion begikoaren ondorioz eta, hala ere, zahartu zelarik mojen konbentu batean zuen lana galdurik, egunero Masinako kongestiora joaten zen, Nseletik bospasei kilometrora, plastikoz egindako ume fardelak eta antzeko gauza txikiak saltzeko; eta Promise, beste zereginik gabe, etxeko umeak zaintzen geratzen zen ama eguneko janariarekin noiz etorriko zain. Lagundu nahian josketa ikasten hasteko erraztasun batzuk eskuratu zitzaizkion baina urte eta erdiren buruan, berriz haurdun geratu zen. Nola da posible, galdetu nion. Zera erantzun zidan: bere lehenengo umeak, Davidek, gosea zuelako.
Abortua delitua da, abortatzen laguntzen duen erizaina kartzelaratua dago, eta beraz are latzagoa da. Baita hilgarriagoa ere, tabua, ume bat hiltzea, pentsaezina, jainkoaren kontra doalako eta abar; aztertzeke dago haurdunaldiaren borondatezko etetearen kriminalizazioak, eta hori bultzatzen duen testuinguru guztiak, zenbat ez ote dituen areagotzen Kinshasako bazterretan utzita agertzen diren ume-jaioberri askotan hildakoen zenbakiak. Ezkutuko abortua egitean hiltzen diren emakumeen heriotzak ere asko omen dira; ez dira oraindik neurtu eta aztertu, baina abortua baztertu eta eskola oraingoz utzi baina umea erditzea onar dezan lehenbiziko argumentua izaten da ama berriaren auzo, familia eta lagunen artean. Aitzitik, nesken gaitasun propioak eta erantzukizuna suspertuko balira, agian, ez lirateke gutxituko bai nahi ez diren haurdunaldiak baita abortuak ere? Galdera hori haizeratzen saiatu nintzen hainbat alditan, erietxeetako morgen ezkutuko errealitate hura ikertu nahian ere bai, baina beti ere zeharkako bideak bilatu behar zenituen, hiltzailetzat hartu eta popatik hartzera bidal ez zintzateten.
Akelarre eta sorginkeriak, ur, oihan eta azpilur ezin aberatsagoa duen Kongoko herria etengabeko egoera ekonomiko horren larrian nola bizi daitekeen azaltzeko hainbeste behar genituzke. Baina hamarkada gogorrenetan, pasa den mendeko hamargarrenaz geroztik, ndoki edo sorginak izatea leporatzen zitzaizkien etxetik kale gorrira bidaltzen ziren umeei. Kaletik erreskatatu eta, ahal izanez gero, berriz familian integratzeko Orper erakundearen zentro-irekietan jasotako hamaika neska ezagutu izan ditut azken 25 urteetan; ‘Ndoki-productions’ bat sortzen ere saiatu ginen Kinshasako Bumbu auzoan, euren jaiotzaren ondotik ezagutu zituzten injustiziak aztertu eta bide batez arterako zeuzkaten talentuak garatzen saiatzeko. Jocelynekin bere izeba Vero Mambweni-en etxera ere joan ginen kamera hartuta familia-urraketa hura konpontzerik ba ote zegoen ikusteko. Baina izebak, hainbat urte pasa ondoren, 17 urteko Jocelyn garbi eta liraina atearen bestaldean ikusi zuenean, “egunon” ere ez zion esan. Sorgina zela esaten jarraitzen zuen.
Jocelyn Nzombo txikia zenean hil zitzaion ama, bere anaia txikiarekin eta aitarekin Angolan bizi zirenean, besteak beste. Aitak, hura ere kongoarra, umeak Kinshasara itzuli eta bere aitaren etxean utzi zituen gero berriz Angolara joateko, dirurik ere utzi gabe. Umeon ardura izebak hartu zuen, berau ere aitonarekin bizi baitzen, baina izebak ere bazituen bere seme-alabak, senarrik ez ordea, eta haur denak eskolaratzeko baliabiderik ez zuenez, Jocelyn eskolatik atera eta aitona zaintzen jarri zuen. Aitona gero eta gaixoago, eromenak hartuta, bere gaitzaren errua Jocelynek zuela esan eta hori izan zen izebaren aitzakia iloba sorgina zela esaten hasteko. Bere anaia txikia hiltzea ere leporatu zion eta azkenean aitonak 91 urterekin bereak egin ondoren, izebak inguruko eliza bateko profeta baten aholkua erosi eta aitona hiltzeko Jocelyn sorgina zela aldarrikatu zuen. Horrela, Vero andereak inoren gaitziritzia jaso barik bota ahal izango zuen kalera Jocelyn, aitonaren oinordetza bereganatuz. “Egin otoitz jainkoari, horrelaxe esan zion aitonari honek sendatzeko eskatu zionean, zera esan nahi du horrek, Satanek eragin zuela aitonaren heriotza”, esan zuen izeba Verok. “Maitasunik ez badago, ezin elkarrekin ibili”, bota zion gurekin etorritako gizarte-langileak.
Kaleko biziraupena nolakoa zen dokumentatzeko Orper erakundearen erizain eta gizarte-langile batekin, gaueko talde-mobil batean ibiltzen nintzen 2016 eta 17an, Kinshasako auzo batzuetako tokiz tokiko shege deitutako haurrengana hurbildu eta ahal ziren neurriko sendaketak egiteko. Echangeur biribilguneko neskek aurpegia eta gorputza bizar-xaflarekin eginiko zauriez beteta zuten; mutil eta ahizpa nagusiek egiten ziieten orbainen pasaporte hura. Sexu bortxaketak ere eguneroko ogibidea ziren. Kondoiez betetako kaxa bat eramaten genuen kotxean, hirunaka banatzen zitzaizkien mutilei eta neskei. Ume txikiren bat aurkituz gero, erakundeak zituen zentro-irekietara eramaten ziren, bere familia bilatzeko edota behintzat berriz eskolaratuak izan zitezen, baina gainerakoek ez zuten beste eskaintzarik. “Ezinezko-kasutzat” hartuak ziren.
Jatorrizko bateke komunitatearen hilerri zahar bati basamortua deitzen zioten, 25. auzoa zen –Kinshasak 24 baititu–; bospasei hektarea izango ziren, non eraikitzea debekatuta baitzegoen, eta teilaturik gabeko pertsonen hamaika kategoria taldek eta familia bakarrek bertan zeukaten etxea edo, hobe esateko, euren basea, baita Van Pire kambako haurrek ere. Kalean bizi ziren haurrek taldeak osatzen zituzten, lingaleraz gerriko esan nahi duen kamba hitzarekin deitzen zieten, biziraupenari heltzeko nahitaezkoak zitzaizkielako gerriko haiek. 2001ean jaio zen Biby Dimanangak, 3 egun lehenago mojen etxean umea erditu ondoren, moskitera batean bizi zen berriz bere umetxoarekin. Basamortura iritsi aurretik Biby Irebuko zentro-irekian bizi zen baina hanka egin zuen. “Mojen ondoan egon behar zenuke zuk”, esan zion George Kabongo gizarte langileak. Ume jaioberriaren aita kartzelaratu egin zuten eta umearen mesederako lanbide bakarra zeukan orduan Bibyk, gauez jakina, ondoko gurutze-bide ezagun batean.
Goizez basamortura joaten ginenean lo aurkitzen genituen maiz banpiroak, hiruna edo launa, plastikopean. Bizirauteko kolpe txikiak jotzen omen zituzten baina lanbideak bilatzen ere saiatzen ziren inoren laguntzarik gabe. Behin banpiroen kanpamentua txikituta aurkitu genuen. Poliziak taldeko bi lagun atxilotu zituen Gambela merkatuan ustez telefono mugikor bat lapurtu zutelakoan, baina ihes egitea lortu zuten eta polizia basamortura etorri zen euren bila, eta desagertu zirelarik mendeku bezala kanpamentua txikitu zuten, haur haiekiko estatuak zuen axolagabekeriaren isla.
Kinshasa erdigunean, Batetela deitutako eraikinaren ondoan ibiltzen ziren Selon-Diabo kambako haurrrak, zerbaitez harro bazeuden, kolpe zuzenak jotzeaz zen, jo eta baita jaso ere. Talde-mobilaren kotxea Batetela inguruan geratzen genuen bakoitzean, Stani erizainak lan ugari izaten zuen borroka haien zauriak sendatzen. Lizeo frantsesaren harresiaren kanpoaldeko porlanezko isurbidearen tunel batean zeukaten egoitza. Ur-zikinen ertzean egiten zuten lo, maiz egunez. Euren base hura grabatzen ari nintzela botatzen zituzten esaldi laburrez gogoratzen naiz, lanbide bat ikastearen egarri zirela, hura zela etxea edo “begiratu mutiko txiki hau” eta bai, 8 urteko baten tamaina zuen.
2005ean jaiotako Chance Kandu, umezurtza, ezaguna zen Irebuko zentro irekian makina bat aldiz barneratua eta berriz kanporatua izan ondoren. 2016ko azaroan berriz etorri zelarik, jaiegunetako Tantine Clemence hezitzaileak esam zidan aurrekoan organo genitalak zauriz beteta zituela iritsi zela, eta zentroan eskura zuenarekin, ur bero eta gatzarekin, garbitu behar izan ziola eta sukarra jaitsi eta hobeto sentitu zenean, berriz alde egin zuela. Aste batzuren buruan berriz itzuli zenean, kaleko mutikoek euren emaztetzat hartzen ote zituzten galdetu zion Clemencek eta hitz askorik esan gabe ere, Kanduk zera kontatu zigun, pasabideari uko egiten bazion mutilek bizar-xaflak ateratzen zituztela eta gehitu zuen, soldaduek “uko eginez gero, hil egingo nindukete”. Beste 2 edo 3 asteren buruan berriz Irebutik atera zen eta ez zen berriz itzuli.
Zentro-irekietako bizitza baldintzak oso gogorrak ziren; urtebeteko froga pasatu behar zuten kaleko bizitzari amore emateko gai zirela erakusteko, eta, familia agertzen ez bazen, hurrengo urtean barnetegi batera joan eta eskolara itzultzeko aukera eskaintzen zieten. 2003an, Tata Rafael estadioaren atzean Orper erakundeak zuen Kauka izeneko etxetxo batean, 9 urteko Vanessa eta beste hogei bat neskek, eguneko foufou edota baba plater bana, alfabetatze klase urri batzuk, garbiketa egiteko dutxa-komunak eta aterpean lo egiteko zerria aurkitzen zuten. Baina, beste edozer gauza nahi bazuten, kalean bilatu behar zuten. Orperrek etxea haurrez beteta edukitzeko helburua zuen, baina hautagaiak ez zirela faltako nabaria zen, gauero beste neska andana batek jotzen baitzuen partzelako atea, gaua barruan igarotzeko, biharamunean, gosaririk gabe, alde egin behar izango bazuten ere. Vanessak ama galdu ondoren, aitak etxe batean utzi zituen bera eta bere anaiak, aldiro janaria ekarriko ziela esanez, baina halako batean, neskatoak mutil batekin zeukan diru-zor baten eraginez, “pasabideak” egiten hasi zela azaldu zuen 2003an. 2016an Vanessaren bila abiatu eta Bokassa etorbideko apartamentu txiki batean aurkitu nuen, ez zuen bigarren mailako hezkuntza bukatu, 3 ume zituen, senarrik ez eta prostituzioan ziharduen.
Orperren zentroetako baldintzak antzekoak ziren mende honetako bigarren hamarkadan. Kasavubu auzoko Irebu etxean, Jocelyn eta beste 30ekin batera, Bene Djena, Beni Kusoluka, Dorkas Kazadi... Dorkas Kazadiren iraganari buruz genekien gauza bakarra bere izena zen. Gizon batek ekarri zuen 2015eko abuztuaren 12an kalean aurkitu zuela esanez eta harrez gero ahoskatu zuen gauza bakarra Dorkas Kazadi izena zen. Buru-ahul eta epileptiko bezala sailkatu zuten, gauez krisiak izaten zituzten beste neska askok bezala. Bere obsesioa janaria zen; gauez beste guztiak lo zeudela patio eta komunetara ateratzen zen gosea asetzeko.
Etxeko giroa ez zen beti ona, gaueko zaindariak esaten zidan bezala, neskek gurasoen beharra zuten baina bera gaueko zaindaria besterik ez zela. Handienak txikiena jipoitzen zuen haserretzen zen bakoitzean, zentroko langileek ere makilarekin astintzen baitzituzten umekeriak zuzentzeko aitzakiarekin.
Gauzak horrela, neskek etxetik desagertzea ohikoa zen. Ihes egin zutela zen aitzakia, baina, askotan, hamaika kasu ikertu ondoren, erabaki hura hartzera bultzatzen zituzten arduradunek. Txikienengan eragin txarra zutela zioten, eta batez ere, neskon etorkizunari begira, zer egin ahal zuten ere ez zekitelako. 17 urte zituen Naomi ustez haurdun geratzeagatik bota zuten; eta adin beteko Chance, goiz batean mutil batekin hotel batetik ateratzen ikusi omen zutelako...
Urteek aurrera egin ahala, gero eta gehiago ziren euren familietara itzultzeko eta eskolara joateko aukerarik izan ez zuten 15 urteko nerabeak. Zentroan sukaldaritza, estetika edo josketa ikastea eskaintzen zieten, amaieran diploma bat emango zietela aginduz, eta baita ahal izango zen moduko laguntzaren bat ere, akaso. “Nik ez dut ihes egingo”, esan zuen 2016ko gabonetan Benek, iritsi berri ziren bigarren eskuko arropa zakuak patioan zabaltzen zituen bitartean. “Nor ausartzen da pixa patioan egiten?”, galdetu zuen hezitzaileak gero bilera batean, eta Benek berriz eskua altxatu zuen, Benik ere berehala. “Orduan hurrengoan zuek izango zarete errudunak”, erantzun zien. Hilabete gutxiren buruan Bene desagertu egin zen. Benik azaldu zidanez, lagun batzuekin elkartu eta berandutu egin zitzaionez atea itxita aurkituko zuela esan zioten eta Gambelan geratu zen. Beni 2004an jaioa zen. 2017ko uztailean, Ireburik Bumbura igaro ondoren, arratsalde batean atera eta ez zen gauerako itzuli. Clorin neskatilaren laguntzarekin, legebiltzarraren ondoan, Papa Guaguaren kanpamentuan aurkitu genituen Beni, Bene eta beste bi neska, Irebutik igarotakoak haiek ere. Gorputza bizar-xaflazko zauriez beteta zuten. Kaleko bizitza oso gogorra zela zioten, bortxatu egiten zituztela. Irailean eskolara joan behar bazuen nolatan egin zuen ihes galdetu genion Beniri, eta zera erantzun zuen, nik esan niola Beniren bila Gambelara joateko eta berandutu egin zitzaiola.
Denek ere zentrora itzuli nahi zutela esan zuten, “gaur edo sekula ez”, esan zuen Benek. Konbi batean sartu eta iritsi ginen baina sekuentziaren amaiera ez zen zoriontsua izan. Beneri ez zioten sartzen utzi eta Beni, zigor bezala, ezingo zen sartu arratsaldeko 5ak arte. Bene barkamena eskatzen grabatu nuen alperrik, Beni une batez zer egin pentsatzen gelditu zen, baina, berriz bere bila atera nintzenean ez zegoen han. “Zer izan nahi duzu handia izango zarenean”, galdetu nion Clorinei. “Epailea”, erantzun zuen.
15 de junio: Día Mundial de Toma de Conciencia Contra el Abuso y Maltrato en la Vejez
Ainara Arregi
La Asamblea General de las Naciones Unidas proclamó en 2006, el 15 de junio como Día Mundual de Toma de conciencia Contra el Abuso y el Maltrato en la Vejez, y desde entonces, se celebra anualmente este día en defensa de los derechos de las personas mayores. Con motivo de ello, en GIZADIBERRI hemos recogido el testimonio de personas mayores como Jesús Orbe y Ramón Urrutia, médico e ingeniero jubilados, respectivamente, que nos han acercado su visión sobre el maltrato a personas mayores y nos han comentado algunas pautas a seguir para combatir el maltrato.
Gizalde, Bizkaia Gara, Batekin
En Euskadi, la tradición solidaria ha perdurado a lo largo de los años, con un crecimiento constante de la participación en actividades voluntarias. Según datos recientes, más del 17 % de la población ha participado en alguna forma de voluntariado en el último año, lo que significa aproximadamente 320.872 personas, demostrando un compromiso sólido con la construcción de una sociedad más justa y equitativa.